2023ko uda hasi da: udako euskara ikastaro trinkoak eta barnetegiak Bilbon eta Bakaikun
Ekainarekin hasi ohi da Gabriel Aresti euskaltegiaren udako denboraldia. Ekainean hasi eta irail amaierara arte, UDAKO ESKAINTZA ZABALA dugu, hainbat udako ikastaro berezi eta barnetegi txandarekin , Bilbon zein Bakaikun. Hasteko, egunean bost orduko ikastaro trinkoak ekainaren 5ean hasiko dira. Udako kastaro eta barnetegien Informazioa webgunean aurkituko duzu, baita gure bulegoan eta 944237591 telefonoan ere, eta matrikula ere online egin dezakezu orain.
Bakaikun, Sakana haraneko Burunda aldean dugun Bakaikuko etxean antolatzen ditugu euskara ikasteko barnetegiak, naturaz eta bazter ederrez inguratuta. Gazteentzako barnetegiak ekainean eta uztailean izan ohi dira, eta helduentzat uztailean zein abuztuan. Erabateko murgilketa egiten da barnetegietan, hau da, klaseak aisialdi eta kultura ekintzekin tartekatzen dira, baina egun osoan euskaraz hitz eginez. Hizkuntzan murgiltzeak izugarri azkartzen du ikasketa-prozesua, eta aurrerapen akademikoa begibistakoa da maila guztietan. Gehiago jakin nahi baduzu, egin klik barnetegi batean zer egiten den ikusteko, bideo eta guzti (azpitituluekin).
Bilbon ere barnetegiak antolatzen ditugu, Bakaikukoetan bezala euskara eskolak eta aisialdia tartekatuz, baina loa nork bere etxean eginez. Aukera oso aproposa da hori 13 egun etxetik kanpo egiteko aukerarik ez duenarentzat. Euskara ikastaro trinkoak ere egongo dira uda osoan bilbon, hilabete osokoak (ekaina, uztaila, abuztua edo iraila) eta egunero bost ordukoak, goizez edo arratsaldez.
Bestalde, udan Gazteolak udako goizetan haurrentzako aukerak ditu aurten: antzerki udalekuak, multi-campusa eta euskara eskolak. Aukera interesgarria izan daiteke hainbat gurasorentzat, berak euskaltegian euskara ikastaro trinkoan ikasten duen bitartean, haurrek goiza hainbat jarduera euskaraz egiten pasatzeko aukera baitute.