Zabalik dago Bilboko Udalak euskara ikasteko eskaintzen dituen dirulaguntzak eskatzeko epea, 2026ko maiatzaren 5era arte
Bilboko Udalak ireki du 2025-2026 ikasturteari dagozkion euskara ikasteko dirulaguntzak eskatzeko epea. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 14tik maiatzaren 5era arte egongo da zabalik. Informazio guztia hemen aurkituko duzu:
Nork eska dezake?
Laguntza hauek jaso ahal izateko, baldintza nagusi hauek bete behar dira:
-
Adina: 16 urte beteta izatea edo 2026an zehar betetzea.
-
Erroldatzea: Bilbon etengabe erroldatuta egotea, gutxienez 2025eko ekainaren 1etik 2026ko ekainaren 30era arte.
-
Matrikulazioa: HABE-k homologatutako euskaltegi batean (Gabriel Aresti euskaltegian, adibidez) ikasketak egin izana 2025-2026 ikasturtean.
-
Betebeharrak: Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.
Aprobetxamendu eta asistentzia baldintzak
Laguntza emateko, baldintza hauek bete beharko dira:
-
HABEren Curriculumeko azpimailaren bat (A0-C2), gutxienez, gainditzea.
-
Ikastaroaren ordu guztien % 60ko asistentzia, gutxienez, egiaztatzea.
Epea eta aurkezteko lekua
-
Epea: 2026ko maiatzaren 5era arte.
-
Online: Udalaren webgunearen bidez: www.bilbao.eus (esteka honi jarraituz).
-
Aurrez aurre: Udaleko Erregistro Orokorrean (Ernesto Erkoreka plaza, 12) edo 39/2015 Legean aurreikusitako beste edozein lekutan.
Beharrezko dokumentazioa
Beste agiri batzuen artean, eskabide-orria (1. eranskina) eta euskaltegiaren ziurtagiria (2. eranskina) aurkeztu beharko duzu, guk behar bezala beteta; bertan, ikastaroaren datuak eta ordaindutako zenbatekoak jaso beharko dira. Euskaltegi bat baino gehiagotan ikasi baduzu, bakoitzaren ziurtagiria aurkeztu beharko duzu.
Bateragarritasunari buruzko oharra: Laguntza hau bateragarria da HABE-ren edo beste erakunde batzuen dirulaguntzekin, betiere jasotako laguntza guztien baturak matrikularen kostu osoa gainditzen ez badu.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, informazio osoa kontsulta dezakezu bilbaoeuskaraz.bilbao.eus atarian.



