euskara bonua

Zer da Euskara Bonua?

Euskaltegian euskara ikasten abiatzen direnak laguntzeko Eusko Jaurlaritzak sortutako dirulaguntza-sistema berria da Euskara Bonua, euskara ikastea inoiz baino eskuragarriago eta errazago egingo duena. 2026-2027 ikasturtean indarrean sartuko da eta, 120 euroko ordainketa bakar baten bidez, 720 orduko poltsa bat emango dio ikasleari, 4 urtean gastatzekoa.

0
euro ordainduta
0
eskola-ordu
0
urte erabiltzeko

Euskara Bonuaren ezaugarriak

Euskara Bonua euskara ikasteko erosten den ordu poltsa bat da. Pentsatuta dago hasierako A1 mailatik (A1A0) B1 mailara (B1A2) ikasteko, hau da, edozein hizkuntzatan moldatzeko komunikatzeko behar den maila lortzeko.

Euskaltegi batean inoiz ez bazara ibili, 120 euro ordaindu beharko duzu eta diru horrekin 720 orduko poltsa erosiko duzu, 4 urtean zehar  erabiltzeko, A0tik B1A2rako mailetan.

Baina 25-26 ikasturtean ikasten ibili bazara, printzipioz ez duzu 120 euro horiek ordaindu beharko, eta zure abiapuntu-mailaren arabera, kalkulatuko da geratzen zaizun ordu kopurua, taula honetan ikusten duzun bezala:

 

Euskara Bonua
MAILA: A1A0 A1A1 A2A1 A2A2 B1A2
ORDU-POLTSA: 720 ordu 720 ordu 520 ordu 360 ordu 200 ordu

Errazagoa

Tramiteak murriztu egiten ditu, orain arte urtero egin behar izaten zirenak behin eginda

Merkeagoa

Eskola-ordu bakoitza 16 zentimoan lortu daiteke (120 € / 720 ordu).

Zabalagoa

Orain B1 mailara arte helduko da bonuaren dirulaguntza

Sarritan Egindako Galderak:

Zenbat euskara ikasi ahal izango dut Euskara Bonuarekin?

A0tik B1A2ra ikasteko pentsatuta dago bonua, hau da, edozein hizkuntzatan moldatzeko komunikatzeko behar den maila lortzeko.

Non erabili ahal izango dut Euskara Bonua?

Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundeak homologatutako euskaltegietan, Gabriel Aresti euskaltegian kasu. Ez bestelako ezein akademia edo ikastegitan.

Oraindik inoiz EZ banaiz euskaltegian egon?

Orduan abantaila handi bat izango duzu aurten eta hurrengo hiru urteetarako: 120 € ordainduta, 720 ordu arteko poltsa lortuko duzu B1A2 mailara arte iristeko.
Aurreko sistemetan ez bezala, orain mailaren bat errepikatu ahal izango duzu dirulaguntza galdu gabe!

Eta dagoeneko ikasten ari banaiz?

Ez dituzu berriro 120 € ordaindu beharko, baina zure abiapuntua aurtengo maila izango da. Gainditutako maila berriro errepikatu nahi baduzu… matrikula osoa ordaindu beharko duzu poltsatik kanpo!

Bonoa hartu eta ikastaroa utzi behar badut... ordu guztiak galduko ditut?

Ez beti. Arau orokorra: gutxienez % 75eko asistentzia behar da. Uzten baduzu, orduak galduko dituzu, baina osasun arazoak direla eta, edo lana aurkitu duzula egiaztatzen baduzu, baja eman duzun egunera arteko orduak bakarrik deskontatuko zaizkizu.

Duela urte batzuk ibili nintzen, baina ahaztuta daukat...

Aspaldi ikasi zenuen baina dena ahaztu zaizu? Albiste ON bat dugu zuretzat: “Reset” egin dezakezu! 2024-2025 ikasturtean edo lehenago ibili bazara… berdin dio zein mailatan utzi zenuen! Nahi baduzu, aukera aprobetxatu dezakezu: A1etik berriro has zaitezke 0tik, 120 € ordaindu eta 720 orduko poltsa OSOA erabili!

Maila gainditzen ez badut, dirulaguntza galduko dut?

Ez, eta hau da euskara bonuaren abantailarik handiena: ez duzu azterketarik gainditu behar dirulaguntza mantentzeko! Baldintza BAKARRA % 75eko asistentzia betetzea da. Orduak geratzen bazaizkizu, nahi beste aldiz errepikatu dezakezu maila.

Eta behin B1A2 gaindituta, dirulaguntza amaituko da?

Zorionak! B1A2 mailara iritsi zara bonuarekin. B1A2 gaindituta, bonuaren bidea hemen amaitzen da. Soberan geratutako orduak ezin dira B2 edo C1 egiteko erabili. Hortik aurrera, euskara doan edo diruz lagunduta ikasteko, ohiko bide eta deialdietara igaro beharko duzu. HABEk (eta hainbat udalek) dirulaguntzak ematen dituzte, maila horietan gaindituz gero matrikularen diru guztia berreskura dezazun.

Eskatu!

Tramitatu bonua gure bulegoan!

Galdetu!

Zure zalantzak argitu ez baditugu, galdetu guri lasai!

Zabaldu!

Jakinarazi zure lagunei Whatsapp bidez eta animatu euskara ikas dezaten!

Start typing and press Enter to search