protokoloa

Indarkeria matxistarren aurkako protokoloa osatu dugu gurean, horrelako kasuen aurrean nola jokatu arautzeko eta biktimei babes eta berme guztiak emateko helburuarekin. Hau duzu protokoloaren aurkibidea:

protokoloa
  1. PRINTZIPIOEN DEKLARAZIOA

Protokolo honen helburua da gure erakundeak bere osotasunean giro segurua mantentzea eta sustatzea berau osatzen duten pertsona guztientzat, indarkeria matxistetatik at. Erakundeak bere osotasunean ez du genero-indarkerien inolako adierazpenik onartuko eta bere esku dauden neurri guztiak hartuko ditu jarrera eta portaera horiei aurre egiteko eta horiek behingoz desagerrarazteko.

Genero-desberdintasunaren interpretazio-marko feministak indarkeria horien jatorria azaltzean, nabarmendu egiten du genero binarismoak, gizonezkoen nagusitasunak eta sozializazio heteropatriarkalak pertsonen eguneroko bizitzan duten garrantzia. Indarkeria horiek adin, kultura, maila sozial eta hezkuntza-maila guztietako emakumeei eta bestelako subjektu ez-normatiboei eragiten diete, era askotako hainbat testuingurutan. Besteak beste, euskaltegian eta gainontzeko arloetan. Arazo hau ez da soilik genero-indarkeriak bizi dituzten pertsonena. Arazo estruktural eta politikoa ere bada. Eta, ondorioz, guztion ardura da irtenbidea bilatzea.

Gure ustez, genero-indarkerien eremuan sartzen diren jarrerek eraso egiten diote pertsona guzti-guztien berdintasun eskubideari, osotasun fisikoari, psikikoari eta duintasunari. Hortaz, ez ditugu ez onartuko ez baimenduko. Protokolo hau ikasleek, administrazio eta arloetako langileek eta irakasleek bizi dituzten indarkeria matxisten  adierazpen guztiei aplikatuko zaie, gure erakundearekin aldi baterako lotura izan, zein lotura iraunkorra izan.

Gure erakundeak konpromisoa hartzen du jarrera horiek prebenitzeko (ikus 9. atala) eta horiei irmo eta sendo aurre egiteko, berdintasuneko eta justizia sozialeko gaia baita, zalantzarik gabe.

Gure arteko pertsona guztien erantzukizuna da konpromiso hau beteko dela ziurtatzea. Era horretako jarrera eta portaerak gertatzen badira, genero-indarkeriazko egoerak bizi dituzten pertsonei laguntza eta arreta eskainiko zaie, jazarpen-kasuetan behar diren baliabide guztiak jarriko dira, indarkeria horiek sortutako arazoei irtenbidea bilatuko zaie eta irtenbide horiek tartean sartutako pertsonen ingurukoei ezagutaraziko zaizkie. Betiere, ahaleginak egingo dira egoera berriz inondik inora gerta ez dadin, eta gertatutakoaren nondik norakoen araberako zehapenak ezarriko dira. Konpromisoa hartzen dugu protokolo honen bidez genero-indarkeriek sor ditzaketen arazoei aurre egiteko, beharrezkoak diren berme guztiekin eta aintzat hartuta —protokoloa idatzi, interpretatu eta aplikatzerakoan— pertsona guztiek laneko eta ikasteko giroetan indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubideari buruzko nazioarteko, Europako erkidegoko, estatuko, autonomia erkidegoko eta geure barne arauak.

Gizarte-erantzukizuneko balioak dira gure etxearen ezaugarria, eta, horrekin bat eginez, pertsonen parte-hartzea eta garapena sustatzen ditugu, gizarte justuago, solidarioago eta parekideagoa lortzeko.

Hori guztia aintzat hartuta, beraz, argi laga nahi dugu gurean ez dela inolako genero-indarkeriarik onartuko, ez lan testuinguruan ez eta Gabriel Arestik antolatutako aisialdiko bestelako jardueretan ere. Hori bermatu ahal izateko landu dugu honako protokolo hau.

2. ESPARRU ARAUEMAILEA

Indarkeria matxista lan-eremuan arautua izan da legedia edota ikuspegi ezberdinetatik: giza eskubideen markotik, emakumeenganako indarkeriaren markotik eta lan arriskuen prebentzioaren markotik; gaur egun hirugarren alderdi hori gehiago garatzen ari da, lan arriskuen prebentzio politiketan pixkanaka genero-ikuspegia txertatzen hasi baita.

    1. Nazioarteko esparru arauemailea

Hainbat dira nazioartean indarkeria matxistaren baitako adierazpenen inguruan arautzen duten lege eta adierazpenak, askotariko ikuspegietatik:

Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala (1948). 2. artikulua: «Gizaki orori dagozkio Adierazpen honetan jasotako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, maila ekonomikoa, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik». Adierazpen horretan bilduta daude sexuan oinarritutako diskriminaziorik ez izateko, sexu-orientaziorako eta genero-identitaterako eskubideak ere.

Lanaren Nazioarteko Erakundearen 111. Hitzarmena (1958). 2. artikulua: «Edozein bereizketa, bazterketa edo lehenespen, baldin eta hori oinarritzen bada arraza, larru-kolore, sexu, erlijio, iritzi politiko, nazio-jatorri edo gizarte-jatorriaren araberako arrazoietan, eta horren ondorea bada enpleguan eta okupazioan berdintasun-aukerak edo tratua deuseztatu edo aldatzea».

Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeari buruzko Adierazpena (1967). 2.b. artikulua: «Komunitatearen barruan gauzatutako indarkeria fisikoa, sexuala eta psikologikoa, eta, horrekin batera, bortxaketa, sexu-abusua, jazarpena eta laneko, hezkuntzako eta beste leku batzuetako sexu-larderia, emakumeen salerosketa eta derrigortutako prostituzioa». Eta 4.j. artikulua: «Neurri egoki guztiak hartu, hezkuntzaren alorrean bereziki, gizonaren eta emakumearen jokabidearen inguruko gizarte- eta kultura-ereduak aldatzeko, sexuetatik bat bestea baino gutxiago edo gehiago dela uste izanagatik edo gizonen eta emakumeen zeregin estereotipatuengatik izan daitezkeen aurreiritziak eta ohiturazko nahiz bestelako egikerak ezabatzeko».

Emakumeen Kontrako Diskriminazio Era Guztiak Ezabatzeko Konbentzioa (1979). 11.f. artikulua: «Osasuna babesteko eta lan-baldintzetan segurtasuna bermatzeko eskubidea, bai eta ugalketa-funtzioa zaintzekoa ere».

Giza Eskubideen Munduko Konferentzia (1993). 2. artikuluak emakumeen kontrako indarkeriatzat hartzen du «sexu-jazarpena eta larderia sexuala lanean, hezkuntza-erakundeetan eta bestelako esparruetan».

Emakumeari buruzko IV. Munduko Konferentzia (1995). 180.c. neurria: «Sexu-jazarpenaren eta beste zirikatzeko era batzuen kontra lantoki guztietan borrokatzeko legeak aldarrikatu eta aplikatzea».

Nazio Batuen Adierazpena, Sexu Orientazioaren eta Genero Identitatearen ingurukoa (2008). 3. artikulua: «Diskriminazio ezaren printzipioa berresten dugu, zeinaren bidez eskatzen baita giza eskubideak berdintasunez aplikatzea gizaki guztiei, horien sexu-orientazioa edo genero identitatea edozein dela ere».

Giza Eskubideen Kontseiluaren 17/19 Ebazpena (2011), sexu-orientazioa eta genero-identitatea dela eta pertsonen kontra egindako legeak eta diskriminazio praktikak, eta indarkeria-egintzak. 51tik 53ra bitarteko puntuak, laneko diskriminazioari buruzkoak; eta 58tik 61erako puntuak, hezkuntzako diskriminazioari buruzkoak.

Nazioarteko Lan Erakundearen 190. ebazpenak jasotzen duenaren arabera, jazarpena oinarrizko eskubideen urraketa da. Horrek esan nahi du jazarpen-prozeduretan probaren karga alderantzikatu egiten dela, eta enpresak frogatu beharko du zuzen jokatu duela, indarrean dagoen protokolo baten bidez. Horrek esan nahi du protokoloa bateratu beharko dela ebazpen hau indarrean sartzen denean.

 

    1. Europako araudia

Europar Batasunaren Oinarrizko Eskubideen Gutunak (2000) 21.1. artikuluan zera dio: «Debeku da bereizkeria oro, eta bereziki hauek: sexua, arraza, kolorea, herriko zein gizarteko jatorria, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa zein sinesteak, iritzi politikoak zein beste edozein iritzi, gutxiengo nazional batekoa izatea, ondarea, jaiotza, ezgaitasuna, adina nahiz sexu-joera direla eta egindako bereizkeriak».

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006/54/ EE Zuzentaraua, gizonen eta emakumeen artean tratu berdintasunaren printzipioa aplikatzeko enpleguarekin eta okupazioarekin zerikusia duten gaietan (2006). 2. artikuluak sexu-jazarpena definitzen du, eta 26. artikuluak honako hau dio: «Estatu kideek, legeria, hitzarmen-kolektibo edo eginera nazionalekin bat etorriz, enpresaburuei eta prestakuntza lortzearen gaineko ardura dutenei eskatuko diete neurri eragingarriak hartzea, sexuan oinarritutako bereizkeria mota guztiak prebenitzeko, eta, bereziki, lan egiten den lekuan nahiz enplegua lortzeko orduan, lanbide-prestakuntzan eta lanbide-aurrerakuntzan gauzatutako jazarpena eta sexu jazarpena».

Laneko jazarpenari eta indarkeriari buruzko Europako esparru-akordioa (2007). «Akordioaren helburua da lan-arloan larderia-arazoak, sexu-jazarpena eta indarkeria fisikoa prebenitzea eta, beharrezkoa denean, kudeatzea».

Europako Kontseiluaren Hitzarmena, emakumeen aurkako indarkeriaren eta etxeko indarkeriaren aurkako borrokari eta prebentzioari buruzkoa (2011).

 

    1. Espainiako estatuko araudia

Espainiako Konstituzioa (1978). 14. artikulua: «Espainiarrak legearen aurrean berdinak dira, eta ezin da onartu diskriminaziorik sexuagatik (adiera zabalean) edo bestelako baldintza edo egoera pertsonal edo sozialengatik». Eta 35.1.artikulua: «Espainiar guztiek dute lan egiteko betebeharra eta lanerako eskubidea, bai eta lanbidea edo ogibidea askatasunez aukeratzeko, laneko eskalan gora egiteko eta norberaren eta familiaren beharrizanak asetzeko adinako ordainsaria jasotzeko eskubidea ere, eta ezingo da diskriminaziorik egin sexu-arrazoiarengatik».

Azaroaren 23ko 10/1995 Lege Organikoa, Zigor Kodeari buruzkoa (1995). 184.1. artikulua: «Norbaitek berarentzat edo beste batentzat sexu-mesedeak eskatzen baditu, laneko, irakaskuntzako edo zerbitzu eskaintzako harreman jarraitu edo ohikoen eremuan, eta jokabide horrekin biktima jartzen badu larderiako, etsaigoko edo umiliazioko egoera objektibo eta larrian, orduan, pertsona horri, sexu-jazarpenaren egile gisa, hiru hilabetetik bostera arteko espetxealdi-zigorra edo sei hilabetetik hamarrera arteko isuna ezarriko zaio». Eta 184.2. artikulua: «Sexu-jazarpenaren errudunak egitatea gauzatu badu, laneko, irakaskuntzako edo hierarkiako nagusitasun egoeraz baliatuz, edo biktimari, esanbidez edo isilbidez, harreman horien inguruan izan ditzakeen bidezko igurikimenei kalte eragingo diela mehatxu eginez, orduan, bost hilabetetik zazpira arteko espetxealdi-zigorra edo hamar hilabetetik hamalaura arteko isuna ezarriko zaio».

Azaroaren 8ko 31/1995 Legea, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa (1995).14. artikulua: «[…] Babes-eginbeharra betetzeko, enpresaburuak bere zerbitzupean dauden langileen segurtasuna eta osasuna babestu beharko ditu, lanarekin zerikusia duten alde guztietan. Ondore horietarako, enpresaburuak, bere erantzukizunen esparruan, lan-arriskuak prebenituko ditu, enpresan prebentzio-jarduera ezarriz, eta langileen segurtasuna eta osasuna babesteko behar besteko neurriak hartuz; horretarako, aintzat hartuko ditu hurrengo artikuluetan jasotako berezitasunak, lan-arriskuak prebenitzeko planari, arriskuak ebaluatzeari, langileen informazioa, kontsulta zein partaidetza eta prestakuntzari, larrialdietan eta arrisku larri eta hur-hurrekoetan jarduteari eta osasunaren zaintzari dagokienez. Horrez gain, enpresaburuak lan-arriskuak prebenituko ditu, erakunde bat eratuz eta behar besteko tresnen bidez, lege honen IV. kapituluan ezarritakoaren arabera».

15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, Datu Pertsonalak Babesteari buruzkoa. Izan ere, gisa honetako prozeduretan ezinbesteko garrantzia du inplikatutako pertsonen inguruko informazioa babesteak eta horien anonimotasuna zaintzeak.

Abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretua, lan arloko arau hauste eta zigorrei buruzko legearen testu berritua onartzen duena (2000). 13 bis artikulua: «Enpresa-zuzendaritzaren esku dagoen eremuetan gertatzen den jazarpena, horretarako arrazoia direla arraza edo etnia, erlijioa edo sinesmenak, minusbaliotasuna, adina eta sexu-orientazioa edo sexuagatiko jazarpena, subjektu aktiboa edozein dela ere, eta betiere enpresaburuak ekintza horren berri izan eta neurririk hartu ez badu».

1/2004 Lege Organikoa, abenduaren 28koa, Genero Indarkeriaren aurkako Babes Osoko Neurriei buruzkoa, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituena. Zehazki, informaziorako eskubidea (18. art.), gizarte babes osorako eskubidea (19. art.) eta laguntza juridikoa doan jasotzeko eskubidea (20. art.).

Martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eraginkorrari buruzkoa (2007); hemen enpresen betebeharrari berariazko aipamena egiten zaie. 7.3. artikulua: «Edozein kasutan, bereizkeriatzat joko dira sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena». 48.1. artikulua: «Enpresek sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena saihesteko lan-baldintzak sustatu beharko dituzte, eta prozedura bereziak ezarri, horiek prebenitzeko eta halakoak jasan dituztenen kasuan kasuko salaketa eta erreklamazioak bideratzeko. Xede horrekin, langileen ordezkariekin negoziatuta, neurriak ezarri ahal izango dira, hala nola jardunbide egokien kodeak egin eta zabaltzea, informazio-kanpainak gauzatzea edo prestakuntza-ekintzak gauzatzea». Eta 48.2. artikulua: «Langileen ordezkariek lagundu beharko dute lanean sexu jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena prebenitzen, horren aurrean langileak sentsibilizatuz eta enpresa-zuzendaritza informatuz eurek ezagutzen dituzten jokabideen eta jarreren gainean, halakoek sexu-jazarpena edo sexuan oinarritutako jazarpena eragin dezaketenean».

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskapenaren lan arloko jazarpen eta indarkeria-jarduerei buruzko 68/2009 Irizpide Teknikoa (2009): «Laneko jazarpen eta tratu txar mota guztiak barne hartzen ditu

Urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, Langileen Estatutuaren Legearen testu bateratua onartzen duena (2015). 4.2.c: «Espainiako estatu barruan enplegurako bereizkeriarik zuzenean edo zeharka ez jasateko eskubidea; enplegatu ondoren, sexuagatik, egoera zibilagatik eta, lege honek zehaztutako mugen barruan, adinagatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea; berdin, gainera, arraza edo etnia jatorriagatik, egoera sozialagatik, erlijioko edo politikako ideiengatik, orientazio sexualagatik, sindikaturen batera afiliatuta egoteagatik edo ez egoteagatik, eta hizkuntzagatik bereizkeriarik ez jasateko eskubidea».

Irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa, sexu askatasunaren berme integralekoa. Lege honek 12. Artikuluan lan testuinguruan prebentzioa eta sentsibilizazioa egiteari erreferentzia egiten dio: «Enpresek langileen ordezkariekin negoziatu beharreko neurriak ezarri ahalko dituzte, hala nola, praktika onen kodeak prestatu eta zabaltzea, informazio kanpainak egitea, jarduketa protokoloak diseinatzea edo prestakuntza ekintzak egitea».

    1. Euskal Autonomia Erkidegoko araudia

Euskadiko Autonomia Estatutuari buruzko 3/1979 Lege Organikoa (1979). 9.1. artikulua: «Euskadiko herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak Konstituzioan finkatutakoak dira».

Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoa (2005). Printzipio orokorretan jasotzen du tratu-berdintasuna eta ikuspegi intersekzionalaren integrazioa. Horren baitan dio «Debekatuta dago pertsonen sexuan oinarritutako diskriminazio oro, hala zuzenekoa nola zeharkakoa, edozein delarik ere diskriminatzeko erabilitako modua»

43. artikulua: «Delitu modura izan dezakeen tipifikazioa ahaztu gabe, lege honen ondoreetarako, jazarpen sexista hau izango da: lanean, nahi ez duen pertsona batekin eta horren sexua dela eta, hitzez, hitzik gabe edo fisikoki edozein jokabide izatea, horren helburu edo ondorioa izanik pertsona horren duintasunari erasotzea edo kikilduta, etsai, makurrarazita, irainduta edo laidoztatua sentiarazteko giroa sortzea. Jokabide horrek sexuarekin zeri kusia duenean, jazarpen sexista izango da».

Horrez gain, 40. Artikuluan Berdintasunerako Plan eta politikei egiten die erreferentzia eta, besteak beste, horrela dio: «Autonomia Erkidegoko Administrazioak, bere eskumen-eremuan eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzarekin eta inplikatutako beste erakunde batzuekin elkarlanean, sustatu behar du planak, kanpainak eta beste neurri batzuk gara daitezela, lan-eremuan sexuan oinarritutako diskriminazioa prebenitu eta eragozteko, sexu-jazarpena eta sexuan oinarritutako jazarpena barne, eta emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko, batez ere bereziki zaurgarriak diren sektoreetan».

9/2011 Dekretua, martxoaren 1ekoa, genero indarkeriaren biktimei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dauden koordinazio mekanismoei buruzkoa.

Ekainaren 28ko 14/2012 Legea, transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzkoa (2012). 18. artikulua: «Euskadiko Hezkuntza Administrazioak bermatuko du, beharrezko diren neurriak hartuta, babes egokia emango diela ikasle, langile eta irakasle transexualei diskriminazio, gizarte bazterketa eta indarkeria ororen aurka, bai eta jazarpenaren eta erasoen aurka ere, eskolaren eremuan».

    1. Kooperatibetako araudia

Euskadiko kooperatibei buruzko 2019ko abenduaren 20ko 11/2019 legearen 13. artikuluak agintzen duenez, indarkeria sexistarik gabeko eremua izateko berariazko baliabideak erabili behar dituzte 50 bazkidetik gorako kooperatibek.

Gure barne araudiak ere erreferentzia egiten dio protokolo honi berari, indarkeria matxista mota guztiak gaitzetsiz.

3. DEFINIZIOAK

Maiz jazarpena eta erasoa bereizteko joera egon izan da, baina guk protokoloan biak jaso eta bien aurrean erantzuteko asmoa dugu, edozein izanda ere jazarpen gertaera horren izaera:

  • Generoan oinarritutako jazarpenak, LGTBI fobiak eragindako jazarpenak eta sexu-jazarpenak pertsona jazarriarentzat etsai-giroa, larderiazkoa edo iraingarria sortzea dute helburu, eta horrela ulertuko dugu jazarpena protokolo honen markoan.
  • Biktima menderatzeka helburu duten ekintzak, non indarkeria erabili den. Indarkeria-ekintza hori, fisikoa nahiz hitzezkoa, erasoa jasan duen pertsonaren sexuan/genero-identitatean nahiz sexu-orientazioan oinarritutakoa denean, eta pertsona horren borondatea bortxatuz gauzatzen denean, protokolo honen baitan erantzuna izango du.

Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zaigu indarkeria matxista zer den definitzea; izan ere, horrek emango dio markoa protokolo honetan prebenitu eta esku-hartuko dugun indarkeria motari.

Indarkeria matxista giza eskubideen urratze larria da, eta emakumeei eta LGTBI pertsonei eragiten die, batez ere. Botere-harremanetan oinarritzen den indarkeria da, eta sexu-genero sistema bitarra eta tradizionala indartzea, inposatzea eta mantentzea du helburu.

Emakumeen, neskatoen eta genero-identitate edota sexualitate ez-normatiboa duten pertsonen duintasuna, estimua eta osotasun fisikoa eta mentala sistematikoki kaltetzen laguntzen duten ekintza guztiak dira indarkeria matxista.

Jazarpen mota honen atzean dagoena gizonek emakumeen zein gorputz ez normatiboen gain duten boterea da, eta indarkeria hierarkia hau mantentzeko tresna gisa baliatzen da, egungo botere-harremanak betikotzeko.

Indarkeria-mota honek izaera eta intentsitate ezberdinetako indarkeriak barne hartzen ditu. Hori ondo azaltzen du jarraian ikusiko dugun irudian, indarkeria matxistaren izeberg-ean (Zumaiako asanblada feministak sortutako irudia):

Gorputz ez normatiboekiko fobietan adierazten den indarkeria matxistak hainbat forma har ditzake: transfobia, lesbofobia, homofobia… LGTBI fobiak aipatzen ditugunean horri egiten diogu erreferentzia.

Indarkeria matxistaren baitan indarkeria-mota ezberdinak har ditzake. Hala ere, aipatu behar da indarkeria-mota horiek ez direla bakoitza modu isolatu eta puruan azaltzen, kasu batean indarkeria mota bat baino gehiago egon daiteke, alegia. Horrez gain, gerta daiteke protokoloan berariaz aipatuta ez dagoen eraso, jazarpen edo indarkeria motaren bat gertatzea, indarkeria matxistaren definizioaren baitan gertatzen dena. Gisa horretako kasuei ere erantzun irmo eta kolektiboa emango zaie, hori baita protokoloaren xedea.

Hona hemen indarkeria matxistaren zenbait adierazpen:

Indarkeria fisikoa

Indarkeria fisikoa beste pertsonaren espazio fisikoa inbaditzeko edozein modu da. Gaitasun fisikoaren bidez gauzatzen da: kolpeak, bultzadak, ostikoak… Eraso fisikotzat jotzen dugu kalteak sortzen dituen edozein ekintza, indarra edo arma/objekturen bat erabiliz barneko edo kanpoko lesioak eragin ditzakeena. Kasu honetan, sexu-indarkeria gisa tipifikatu izan diren hainbat eraso edo ekintza ere hemen jasotzen dira, hau da, ukituak, bortxaketak eta abar, izaera fisikoa duten horiek guztiak, hemen sartuko lirateke.

Indarkeria sinbolikoa

Indarkeria sinbolikoa da estereotipoak indartzen dituen guztia. “Bakoitza dagokion lekuan” jartzea da indarkeria mota honen asmoa, hainbat gorputz, sexu, arraza eta gizarte-maila aniztasuna… irainduz. Indarkeria sinbolikotzat jotzen dugu tradizionalki matxista eta arrazista izan den hizkuntzaren erabilera, estereotipo arrazista edo sexista erabiltzen duten adierazpenak eta txantxak.

Indarkeria sinbolikoa erabiltzen du kontaketak manipulatzen/kontrolatzen dituenak.

Indarkeria soziala edo gizarte-indarkeria

Egiturazko indarkeria da, zapaldutakoei zuzendutakoa, edozein dela ere haien egoera, bestearen gainetik egoteko helburu duena. Indarkeria mota hori estereotipoetan oinarritzen diren ohitura eta sinesmen patriarkal, klasista eta heterosexualetan oinarritutako jokabide eta jarreren bidez adierazten da. Sarritan ez da indarkeriatzat hartzen, gizarteak eusten diolako. Era berean, aurreiritziek eta gizartean dauden estereotipoek finkatzen dute askotan indarkeria mota hau.

Indarkeria sozialaren adibideak:

  • Txisteak, txantxak eta komentarioak: Isekak diskriminatutako norbanako edota taldeei buruz.

  • Estereotipoak: Estereotipoez ari garenean, gizarteak partekatzen dituen sinesmenak esan nahi dugu, eta denboran zehar finkatu eta zuzentzat eman izan direnak. Lagun bakoitzari, bere generoan oinarrituta, zer egin behar duen adierazten zaio, edo talde jakin batean nola jardun, bere nortasunetik eta sinesmenetatik aldenduz.

  • Isolamendua: Harreman pertsonalak murriztea, baztertzea edota pertsonak aintzat ez hartzea.

  • Hizkuntzaren erabilera: Hizkuntza sexistak antolamendu sozial bereizia du, pertsonak sexuaren arabera hierarkizatuz eta diskurtsoaren parte eginez edo kanpo lagaz.

  • Esperientzia-urteak: Adina eta esperientzia erabiltzea pertsona batek boterea erabiltzeko justifikazio gisa. Adibidez: kideen arteko jarrerak, ideia edo zeregin desberdinak dituztenekin; zeregin jakin batzuk gordetzea pertsonaren generoaren arabera eta abar.

Indarkeria psikologikoa

Indarkeria psikologikoaren helburu nagusia kontrola gauzatzea eta mantentzea da eta segurtasunik gabe sentitzen den eta sentiarazten duten arloetan eraso egiten dio biktimari. Erasotzailea beste pertsonen ekintzak, portaerak, sinesmenak eta erabakiak kontrolatzen saiatzen da larderia, manipulazioa eta mehatxuen bidez.

Hona hemen adibide batzuk:

  • Mehatxuak: Pertsona baten aurka kalte edo okerren baten iragarpena beldurra edo ezinegona sortzeko. Horrela, pertsona horren ekintzak eta iritziak oztopatuko dira.

  • Isiluneak: Gai jakin batzuk jorratzeko orduan interes eza erakustea edota jorratzeari uko egitea.

  • Hitzik gabeko erasoak: Begirada eta keinuak erabiltzen dira biktimaren segurtasun falta areagotzeko eta bere ekintzak eta iritziak bideratzeko.

  • Larderia, “intimidazioa”: Norbaiti beldurra sorrarazteko jokabidea da. Jokaera biolento horrek biktimaren iritziak eta ekintzak isilarazten ditu.

  • Mespretxuak: Errespetu eta balioespen falta da, biktimaren gaitasuna edota iritzia zalantzan jarriz eta erasotzailearen nagusitasun sentimendua nabarmenduz.

  • Umiliazioa: Modu publiko zein pribatuan pertsona baten sinesmenak, kultura, arraza, ideia, ezagutza, pentsamendua…. iraintzen dituen erasoa.

4. EZARPEN EREMUA

Protokolo hau Gabriel Aresti euskaltegiak sortu du eta bertako langile, bazkide, kolaboratzaile eta ikasle guztiei aplikatuko zaie. Zenbat Gara elkarteko espazio guztietan aplikatuko da.
Protokoloa aipatutako pertsonei aplikatuko zaie euskaltegiarekin eta honen jarduerarekin zuzenean zein zeharka lotutako testuinguruetan: eskolak, kultura-ekarpenak, txangoak, jaiak, barnetegia…
Horrez gain, protokolo honetan zehazturikoa bete behar dute langileek, bazkideek, kolaboratzaileek, ikasleek, gurekin lan-harremana duten kanpo-erakundeek eta bisitariek, espazio fisikoan nahiz birtualean.

5. PROZEDURAREN BERMEAK

Salatzen diren indarkeria matxistazko kasuei heltzeko jarraituko den protokoloak honako berme hauek izango ditu:

  1. Errespetua eta babesa: Zuhurtziaz jokatuko da indarkeriak pairatu dituzten pertsonen intimitatea eta duintasuna babesteko. Ekintzak eta izapideak tartean sartutako pertsona guztiekiko errespetu osoz egingo dira.

Prozeduran parte hartzen duten pertsona guztiek protokolo honen edukiaren berri izan beharko dute eta protokoloa aplikatzeko baimena eman beharko dute.

  1. Konfidentzialtasuna: Konfidentzialtasun printzipioaren babespean egongo dira genero-indarkeriei buruz egiten diren kontsulta edo kexa guztiak.

Indarkeriak pairatu dituzten pertsonen zein kasuren batean testigu gisa jardun duten pertsonen anonimotasuna gordeko da. Eta protokolo honetan zehaztutako prozeduran parte hartzen duten pertsonek isiltasuna gorde beharko dute kasuaren inguruan, tartean sartutako pertsonen pribatutasuna gordetzeko. Debekatuta dago salaketarekin edo ikerketarekin lotutako dokumentuak zabaltzea, prozedura judizial edo administratibo bati hasiera emateko beharrezkoa ez bada.

  1. Profesionaltasuna, ardura eta azkartasuna: Prozedura (ikerketa, beronen ondoriozko ebazpena eta abar) profesionaltasunez, arduraz eta ahalik eta denbora laburrenean gauzatuko da.
  2. Inpartzialtasuna: Inpartzialtasunez entzungo dela bermatuko da. Pertsona guztiak errespetuz tratatu beharko dira, berdintasunez eta diskriminaziorik gabe. Prozeduran esku hartzen duten pertsona guztiek fede onez jokatu beharko dute egia bilatu eta gertakariak argitzeko orduan.
  3. Bigarren biktimizazioa saihestea: Ahal dela, beharrezko ez bada, ez da gertakizunak behin eta berriz kontatzea eskatuko, salatzailea ez da ezagutzera emango eta ez dira bere datuak argitaratuko. Prozesu guztian laguntza eta babesa emango zaio erasoa/jazarpena jasan duen pertsonari.
  4. Salatzaileak lehengo egoerara itzultzea : Erakundeak behar diren neurriak hartuko ditu salatzailea indarkeriak pairatu aurreko egoerara itzul dadin (baldin eta prozesuan zehar bere egoera aldatu bada), eta bermatu egin beharko du bere jarduerei (ikasteari, irakasteari, lan egiteari) berriro ekingo diela, jatorrizko egoerari gehien hurbiltzen zaion moduan eta.
  5. Errepresaliak debekatzea: Debekatuta dago errepresaliak hartzea genero-indarkeriak bizi izan dituztela salatu duten pertsonen aurka, lekuko moduan agertu direnen eta ikerketan parte hartu dutenen aurka.
  6. Azkartasun printzipioa: Kasu baten berri izandakoan premiaz erantzun behar zaio, eta gehieneko epe bat ezarri behar da prozedura abiatu eta hura ebazteko; garrantzitsua izango da erasoa jasan duen pertsonak epe horiek ezagutzea.

6. IKERKETA BATZORDEA

Gabriel Arestiko Ikerketa Batzordeko kideek izango dute indarkeria matxistaren aurkako protokoloari lotutako kasuak jaso eta protokoloa abian jartzeko eskumena.

Ikerketa Batzordean parte hartuko dute zuzendaritzako kide batek, Artezte kontseiluko kide batek eta aholkulari konfidentzialek. Modu horretan, bermatuko dugu egitura honek erabakiak hartzeko ahalmena izango duela eta neurri operatiboak zuzenean hartzeko aukera.

Ikerketa Batzordean kopuru bakoitia egotea lehenetsiko da, inoiz bozketa bidez gairen bat ebatzi beharko balitz, berdinketak ekiditeko.

Ikerketa Batzordeak eramango du aurrera prozedura eta kasuaren inguruan hartu beharreko erabakiak ere bertan proposatu eta adostuko dira. Erabakiaren nolakotasunaren arabera Bazkideen batzarrean edota dagokion bestelako fororen batean kontrastatzea baloratuko da.

Kasuan kasu aztertu eta baloratuko da, baina Ikerketa Batzordeak aholkularitza espezializatua eskatzea baloratu dezake kasua behar bezala aztertzeko beharra ikusten duen bakoitzean.

Prozedura Ikerketa Batzordeko kideek aurrera eramango badute ere, Aholkulari konfidentzialak izango dira salaketak jasotzearen ardura izango dutenak. Aholkulari konfidentzialak Gabriel Arestiko kideek hautatu dituzte, eta lankideengandik gertu dauden pertsonak dira, gaiarekiko sentsibilitate berezia dutenak eta gainontzeko lankideentzat konfiantzazkoak.

Hauek dira Aholkulari konfidentzialak:

Izen-abizenak Lanpostua
Eider Cortezón irakaslea
Itziar Olabarria irakaslea
Jone Fernández irakaslea

e-postaz haiekin harremanetan jartzeko, haietako edozeinekin hitz egin edo idatzi aholkularikonfidentziala[abildua]gabrielaresti.eus helbide elektronikora.

Aholkulari konfidentzialen funtzioa izango da salaketak jaso eta Ikerketa batzordea deitzea, bertan prozedura abian jartzeko.

Aholkulari konfidentzial rola txandakatu egingo da. Lau urtean behin Aholkulari konfidentzial bat aldatuko da; ez dira kide guztiak batera aldatuko, horrela ezagutza metatua ez galtzeko.

Ikasleen kasuan zer?

Erakundean Aholkulari konfidentzialak identifikatuta egongo dira eta guztiek ezagutu ahalko dute nortzuk diren; dena den, ikasle askorentzat pertsona hauek ez dira zertan ezagunak izan, bere irakasleak baitira beraientzat erreferentziazko pertsonak. Horrela bada, irakasle guztiek protokoloa ezagutu beharko dute eta ikasleren batek beraiengana joz gero jarraitu beharreko urratsak zein diren jakin beharko dute.

Kasu horietan irakasleen funtzioa izango da ikasle horren eskaera entzun eta aholkulari konfidentzialarengana bideratzea; harekin biltzeko bere laguntza eskainiko dio. Bigarren biktimizazioa saihesteko kexa lehenengoz jasotzen duen irakasle horrek, aholkulari konfidentziala ez denak, xehetasunik ez kontatzeko eskatuko dio ikasleari; azalduko dio Aholkulari konfidentzial bat dagoela eta hari kontatu beharko dionez kasua, ez duela zertan berari ere azaldu.

 

Aholkulari konfidentzial bat edota Ikerketa Batzordeko kideren bat kasuren batean zuzenean inplikatuta baldin badago erabakigunetik kanpo geratu beharko da. Kasuan kasu baloratuko da bere ordez beste norbaitek parte hartu beharko lukeen prozeduran ala ez.

7. PROZEDURAREN URRATSAK

7.1 Salaketa aurkeztea
Protokolo honen aplikazio-eremuan sartzen den edozein pertsonak aurkeztu dezake salaketa bat Aholkulari konfidentzial baten aurrean, ahoz zein idatziz. Hau da, norbera jasaten ari den jazarpen kasu bat zein hirugarren pertsona batek jasandakoa salatu daiteke.
Aholkulari konfidentzialek zein Ikerketa Batzordeko partaideek salaketa guztien konfidentzialtasuna eta sekretua bermatu beharko dute.
Salaketak printzipioz ahoz zein idatziz jaso ahalko dira. Kasuaren nolakotasunaren arabera, prozedura formala abiatu ahal izateko, idatzizko salaketa bat jasotzea beharrezkoa izango da. Erasoa jasan duen pertsonak beharko balu, Aholkulari konfidentzialak laguntza eskainiko dio idatzizko salaketa idazteko.
Salaketak egin ahal izateko email bat sortuko da, Aholkulari konfidentzialek bakarrik kudeatuko dutena, eta bertan jaso ahalko dira salaketak. Aukera hau egoteak ez du esan nahi bakarra denik eta, beraz, bestelako bideetatik ere egin ahalko dira salaketak, beti ere Aholkulari konfidentzialei helaraziz.
Salaketak datu hauek jaso beharko ditu:
• Salaketa jartzen duenaren datu pertsonalak.
• Gertaeren deskribapena.
• Jazarpena eragiten edo/eta jazarpen egoerarekin zerikusia duten pertsonen identifikazioa.
• Baliagarria izan daitekeen bestelako informazioa (lekukoak…).
Eranskinetan aurki daiteke salaketa eredu bat.

7.2 Prozedura informala
Salatutako jokabide edo ekintzak sexistak edo matxistak badira, baina ez badira jazarpen edota eraso bat, salaketa ahoz edo idatziz aurkeztu ahalko zaie Aholkulari konfidentzialei. Prozedura honen bidez kudeatuko dira modu “sinplean” kudeatu daitezkeen kexak (printzipioz pertsona horrekin hitz eginda bideratzeko modukoak direnak), eta Aholkulari konfidentzialak bakarrik inplikatuko dira prozesuan.
Aholkulari Konfidentzialek, kexa aztertu ostean, uste badute salaketaren xede den jokaera indarkeria matxistaren kontrako protokolo honen markoko jazarpentzat har daitekeela, ustez jazarpena jasotzen ari den pertsonari jakinaraziko dio idatzizko salaketa aurkeztu behar duela prozedura formalari ekiteko (hurrengo atalean aztertuko ditugu prozedura formalaren nondik norakoak).
Salatutako gertaerak prozedura formala abiatzeko bezalako jazarpen egoera bat ez badira (oraindik), baina etorkizunean indarkeria matxista egoera bat eragin dezaketela baloratzen bada, prozedura konfidentziala eta azkarra hasiko dute Aholkulari konfidentzialek.

Hauek dira jarraituko diren urratsak:


● Aurrez aipatu bezala prozedura hau abiatzeko nahikoa izango da ahozko salaketa bat jasotzea.
● Aholkulari konfidentzialak kasua aztertzeko bilduko dira, daukaten informazioarekin. Salaketa jarri duen pertsona ez bada salatutako egoera jasan duen pertsona bera, harekin hitz egitea izango da lehenengo urratsa.
● Esku artean duteen informazioa nahikoa ez dela baloratuko balute edo informazio gehiago jasotzeko beharra balute errelatoa osatzeko, kasuaren ezagutza izan dezaketen beste pertsona batzuekin hitz egiteko aukera baloratuko dute lehenengo urrats gisa, informazioa osatzeko.
● Behin informazioa bilduta, salatua izan den pertsonarekin hitz egingo dute Aholkulari konfidentzialek. Kasuan kasu baloratuko da nor den elkarrizketa hori izateko pertsona egokiena. Ahal dela bi pertsona joango dira Aholkulari konfidentzialen aldetik, beti. Jokabide matxista hori eduki izana leporatzen zaion pertsonak egokitzat jotzen dituen azalpenak eman ahalko ditu.
Konponbiderako prozedura informal horretan, Aholkulari konfidentzialek salaketa transmititu besterik ez dute egingo, eta jarrera hori mantentzeak ekar ditzakeen ondorioen berri eman.
Prozedura informalaren helburua da arazoa estraofizialki konpontzea eta indarkeria matxista edo jazarpen egoera ez bihurtzea. Prozedura honen aldeko apustua egiten da jazarpen egoerara heldu ez diren kasuetan, izan ere, batzuetan arazoa konpontzeko nahikoa izaten baita subjektu aktiboari bere portaerak eragiten dituen ondorio mingarri edo kaltegarriak erakustea.
● Prozedura informalaren kasuan, salatutako pertsonarekin hitz egin ostean berriz ere hitz egingo da salaketa jarri duen pertsonarekin prozeduraren berri emateko.
● Bi parteekin elkartu ostean, Aholkulari konfidentzialak berriz ere elkartuko dira prozedura ixteko. Itxierako bilera horretan baloratuko da kasua bere horretan geratuko den edo komenigarria den Zuzendaritzan, Artezte kontseiluan edota Bazkideen batzarrean gertatutakoaren berri ematea modu batean edo bestean.
● Prozedura osoak asko jota 7 laneguneko iraupena izango du kexa jartzen denetik ixten den arte. Salbuespenezko kasuetan beste hiru egunez luzatzeko aukera ere egongo da (adibidez kasuaren konplexutasunagatik kanpo aholkularitza eskatu beharko balitz, opor-garaian izanik data bereziki konplexuak izango balira…).
● Kasua informalki bideratu bada ere, erregistro bat egitea garrantzitsua izango da, kasu hauek jazarpena ez izan arren, denboran mantenduz edota errepikatuz gero jazarpen kasu bihur daitezkeelako, eta hala gertatuko balitz, aurrekari horiek erregistratuta izatea komenigarria da.
● Kasua itxi ostean segimendua egingo diogu, salaketa jarri duen pertsonarekin hitz eginez, egoera errepikatu ez dela bermatzeko.
7.3 Prozedura formala
7.3.1 Gabriel Arestiko bi kideren artean gertatzen bada
Prozedura formala abiatu daiteke hainbat kasutan:
● Aholkulari konfidentzialak salaketa entzutean jazarpen kasu bat izan daitekeela eta prozedura informalarekin nahikoa ez dela baloratzen badu.
● Salaketa jarri duen pertsona prozedura informalaren emaitzarekin asebeteta geratu ez bada.
● Salaketa jartzen duen pertsonak prozedura informalera jotzea ez dela komenigarria uste badu, zuzenean aktibatu dezake prozedura formala.
Erakundean protokolo honen baitako prozedura formala aktibatzeaz gain, salaketa jartzen duen pertsonak Lan Ikuskaritzan, Auzibide Zibilean eta Lan Auzibidean salatzeko edo Auzibide Penalean kereila jartzeko eskubidea dauka. Hala egingo balu erakundeak bere babesa adieraziko dio eta ahal duen heinean laguntza eskainiko dio pertsona horri.

Prozedura formala martxan jartzen denean urrats hauek jarraituko dira:


● Salaketa jasotzea kasu honetan ere aholkulari konfidentzialek egingo dute. Berezitasuna izango da, prozedura informalaren kasuan, salaketa idatziz jaso beharko dela prozesua abiatu ahal izateko. Salaketa jarriko duen pertsonak nahi badu, aholkulari konfidentzialak lagundu diezaioke salaketa idazten.
Salaketa jartzen duen pertsonak hala nahi badu, beste pertsona batekin batera joan daiteke Aholkulari konfidentzialarekin hitz egitera, eta une oro lagunduta egoteko aukera hori izango du prozesuan zehar.
Salaketa hirugarren pertsona batek jarri badu, ikusi duen zerbaiten inguruan, erasoa edo jazarpena jasan duen edo jasaten ari den pertsonarekin hitz egingo da prozesua abiatu aurretik.
● Behin salaketa jasota eta jazarpena jaso duen pertsonaren beharrak entzunda, Ikerketa Batzordea bilduko da. Kasua aztertuko dute eta, beharrezkoa balitz informazio gehiago jasotzeko aukera ere baloratuko dute. Lehenengo bilera horretan, gainera, erasotua eroso senti dadin neurriak hartzeko aukera ere baloratuko dute pertsona horrek adierazitako beharrak aintzat hartuta.
● Lehenengo bilera horren ostean eta beharrezko informazio guztia bilduta, salatua izan den pertsonarekin bilduko dira Ikerketa Batzordeko bi kide. Pertsona horri ere aukera emango zaio bilerara berak aukeratutako pertsona batek lagunduta joateko. Bilera horretan salaketaren berri emango zaio eta berak esateko duena jasotzeko aukera egongo da.

Salatutako pertsonak ez badu ikerketarako baimenik ematen edo elkarrizketatua izatea ukatzen badu, jakinarazpen bat bidaliko zaio, idatziz, prozeduraren nondik norakoen berri emateko. Hala ere pertsona honek eskuraezina izaten jarraitzen badu, beste idatzi bat helaraziko zaio, 7 egunen buruan, prozeduraren berri emateko. Salatua izan den pertsonak prozesuan parte hartzeko ezezkoa ematen jarraitzen badu, erruduntasun-zantzu bezala hartuko da bere jarrera, eta hala jakinaraziko zaio.
● Behin prozesu hori guztia eginda, Ikerketa Batzordea berriz ere bilduko da eta informazio guztia aintzat hartuta, neurri batzuk proposatuko ditu. Egindako urrats guztien berri, jasotako informazio guztiaren berri eta proposatutako erabakiaren berri jasoko du txosten batean. Hori guztia salaketa jarri duen pertsonarekin/jazarpena jaso duen pertsonarekin kontrastatuko da.
Txostenaren edukiak izango dira, gutxienez:
– Kexa idatzia.
– Prozesuan zehar egin diren elkarrizketen eta bileren erregistroa.
– Prozesuan zehar hartutako neurriak.
– Proposatu diren zigor edo neurri konkretuak.
Dokumentuaren bukaeran, eranskinen atalean, txosten-eredu bat proposatzen da.
● Proposatutako neurri horiek dagokien gunean aurkeztuko dira, beharrezkoa bada: Zuzendaritza taldean, Artezte kontseiluan edota Bazkideen batzarrean, adibidez. Kasuan kasu baloratuko da zein den gune egokiena. Kasuak diskrezioz tratatuko dira, inplikatutako pertsonen intimitatea errespetatuz, bereziki jazarpena jaso duen pertsonarena.
● Jazarpenaren frogarik aurkitu ez bada edo salatutako egoera gertatu dela frogatu ezin izan bada, espedientea artxibatu egingo da eta prozesua amaitutzat eman. Hala ere, Ikerketa Batzordeak salaketa oinarritzeko behar diren frogak biltzea lortu ez badu, baina salaketa sinesgarria dela baloratuko balu, salatzailea ezingo dute behartu salatuarekin lan egitera.
● Prozesu guztia aurrera eramateko epea hiru aste naturalekoa izango da gehienez. Prozedura ahal den azkarren ebaztea izango da lehentasuna, salaketa jarri duen pertsonaren hobe beharrez. Kasuren batean prozedura egun batzuk luzatzea beharko balitz, salaketa jarri duen pertsonari lehenbailehen jakinaraziko zaio zein izango den ebazpenerako epea eta prozesua zein puntutan dagoen.
● Kasuari segimendua egingo zaio, egoerak bere horretan jarraitzen ez duela bermatzeko. Jarraipena hurrengo urrats hauek jarraituz egingo da: prozedura itxi eta 7 egun beranduago lehenengo kontaktua egingo da; 15 egun beranduago, bigarren kontaktua eta prozedura itxi eta hilabete bat beranduago, hirugarren eta azken kontaktua. Jarraipen berri bat egingo da hiru edo sei hilabeteren buruan kasuaren bilakaera aztertzeko helburuarekin. Jazarpen egoerak jarraitzen badu edo laneko jazarpen bihurtzen bada, zigor berria jarriko da.

7.3.2 Gabriel Arestiko lankide baten eta beste erakunde bateko langile baten artean gertatzen bada
Salatutako gertakaria lankideen artean ez ezik Gabriel Aresti euskaltegiko langile edo bazkide ez den pertsona bat dela tartean gerta daiteke. Salatua izan den pertsona euskaltegiko lankide bat den kasuan, aurrez aipatutako prozedura berbera aplikatuko dugu; betiere salatu duen pertsonak lan egiten duen erakundearekin koordinazioan.
Salaketa egin duen pertsona Gabriel Arestiko langilea bada eta kanpoko bezero, solaskide edota lankidetzan dihardugun erakunde bateko kidearen inguruko kexa jarri badu zenbait aukera baloratuko ditugu:


Horrela bada, beste erakundearen jarreraren edota erantzunaren arabera, hiru aukera baloratuko dira kasu horietan:
– Bi erakundeen artean elkarlanerako prozedura abiatzea. Kasu horretan seguruena erakunde horrek ere protokoloa izango du eta, beraz, bi erakundeetako Ikerketa Batzorde eta Aholkulari konfidentzialen arteko koordinazio bidez eramango da aurrera prozesua.
– Erakundeari solaskide aldaketa eskatuko diogu, kexa jarri duen pertsonak salatu duen pertsona horrekin harremanik eduki behar ez izateko.
– Erakunde horrekin harremana etetea ere aukeretako bat izango da.

7.3.3 Indarkeria matxista kasua Bakaikuko barnetegiko egonaldian zehar gertatzen denean
Indarkeria kasua Bakaikuko barnetegiko egonaldi batean zehar gertatzen bada kasuak berezitasunak izango ditu, ez baita horren erraza kasu horietan kexa edota salaketa jarri duen pertsona eta salatutako pertsona bereiztea eta, gainera, erantzuna bereziki bizkorra izan behar da, elkarbizitza baitago inplikatutako alderdien artean.
Hasteko, barnetegian bereziki indartuko dira prebentzio-neurriak, guztiek protokoloaren berri izan dezaten. Horren ostean jarraituko den prozedura aurrekoaren antzekoa izango da, baina berezitasun batzuekin:


● Kexa edota salaketa Bakaikun bertan dauden lankideek jasoko dute, bertan daudelako. Kasuren batean zuzenean Aholkulari konfidentzialek jaso dezakete bestelako bideen bitartez, kexa jarri nahi duenak hala aukeratu badu.
● Bakaikun bertan dauden kideek jaso badute salaketa edo kexa, Aholkulari konfidentzialekin harremanetan jarriko dira, eta Bilbotik Aholkulari konfidentzial bat (ez balego aukerarik Ikerketa Batzordeko beste kide bat) joango da Bakaikura gaia bideratzera. Izan ere, nahiz eta Bakaikun dauden kideetako bat Aholkulari konfidentziala izan, aproposagoa izango da kanpotik norbait joatea, barnetegiko giroan ahalik eta gutxien eragiteko. ahal dela Aholkulari konfidentziala ez da bakarrik joango, beste Aholkulari konfidentzial batek edota Ikerketa Batzordeko kide batek lagunduko dio.

● Bilbotik joango den pertsona iritsi bitartean, erasotua edo kexa jarri duen pertsona eroso senti dadin neurriak hartuko dira, ahal den heinean salatutako pertsonarekin elkartu beharrik ez izateko. Dena den, neurri hauek berarekin modu adostuan proposatuko dira, bera eroso senti dadin uneoro.
● Bilbotik datorren pertsonak elkarrizketak izango ditu salaketa jarri duen pertsonarekin, salatuarekin eta beharrezko ikusten duen beste pertsona batzuekin. Elkarrizketa horretarako salaketa jartzen duen pertsonak zein salatua izan denak beste pertsona batekin egoteko aukera izango du.
● Informazioa bildu ostean, Ikerketa Batzordea elkartuko da ahalik eta lasterren, eta neurri batzuk proposatuko ditu.
● Proposatutako neurri horiek salaketa jarri duen pertsonari jakinaraziko zaizkio lehenengo, eta jarraian dagokion guneetan ere kontrastatuko dira: Artezte kontseilua, Zuzendaritza taldea edota Bazkideen Batzarra.
● Prozedura abiatzen denetik, gehienez, hiru eguneko epean ebatziko da prozesua. Horrek ez du esan nahi aurretik, bizkortasunez, behin behineko neurririk hartuko ez denik; izan ere, elkarbizitza egoerak neurrien azkartasuna ezinbesteko egiten du.

8. FALTAK TIPIFIKATZEA ETA ZEHAPENAK

Genero indarkerien aurkako protokoloaren markoan kokatzen diren kasu guztiak falta larritzat hartuko dira eta hala jardungo da horien aurrean.

Protokolo honen hasieran jasotako definizioen atalean jasotzen dira kontenplatutako jarrera motak. Hala ere, ulertzen dugu egoera horiek testuinguruaren arabera are larriagoak izan daitezkeela, beraz, baldintza larrigarriak ere jaso ditugu:

Baldintza larrigarriak:

  • Erasoa behin baino gehiagotan egitea.
  • Biktima bat baino gehiago egotea.
  • Erasotzailearen aldetik jarrera intimidagarriak edo oldarkorrak agertzea.
  • Erasotzaileak biktimaren lan-harremanaren gaineko erabaki ahalmena izatea.
  • Biktimak ezgaitasunen bat izatea.
  • Biktimaren egoera psikologiko edo fisikoak alterazio nabarmenak izatea, egiaztagarriak direnean.
  • Jazarpena hautaketa prozesu baten baitan gertatzea.
  • Biktima, lekukoak edo bere inguruko pertsonak hertsatzea, ikerketaren prozedura oztopatzeko helburuarekin.
  • Biktima behin-behinekotasun egoeran egoteagatik, bekaduna izateagatik, praktiketan egoteagatik…
  • Biktima ikasle bat izatea.
  • Biktima adin txikikoa izatea.

Kasuan kasu aztertuko da, gertaeren nolakotasunaren arabera, zein izango diren hartuko diren neurriak. Ikerketa Batzordeak proposatuko ditu eta dagokion lekuan kontrastatuko du erabakia: Zuzendaritza taldea, Artezte edota Bazkideen Batzarra.

9. PREBENTZIO NEURRIAK

Prebentzioaren helburua da inolako eraso matxistarik ez gertatzea. Horretarako, sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta prestakuntza ezinbestekoak dira. Helburu horrekin sortu dugu protokoloa, eta horrek oinarria eman digu estrategiak diseinatu eta ezartzeko.

Behin protokoloa onartuta, Zenbat Gara elkartea osatzen duten pertsona guztiei helaraziko zaie. Horrez gain, protokoloaren berri emateko infografiak sortuko ditugu eta euskaltegiaren instalazio guztietan ikusgai egongo dira, ikasle zein lankideek ezagutu dezaten. Indar berezia jarriko da horretan Bakaikuko barnetegian, bertan dauden pertsonek protokoloa presente izan dezaten.

Prestakuntza orokorra emango zaie Zenbat Gara elkartea osatzen duten pertsona guztiei. Horretarako, hizkuntza inklusiboa, indarkeriarik gabeko komunikazioa, egungo maskulinotasun-ereduaren deseraikuntza eta abar landuko dira. Zentzu horretan, bereziki azpimarratuko da Bakaikuko barnetegian lan egiten duten pertsonek protokoloaren berri izan dezaten eta jarraitu beharreko urratsak zein diren jakin dezaten. Modu horretara ezer gertatuz gero ondo erantzungo dela bermatuko da; izan ere, bertan dauden pertsonen artean elkarbizitza egonik are garrantzitsuagoa da gertaera baten aurrean modu egoki eta arinean erantzutea.

Ikerketa Batzordea osatzen duten kideek prestakuntza berezitua jasoko dute. Genero-taldearen ardura izango da baliabideak ekartzea, eta kolektibo eta pertsona bakoitzaren ardura izango da tresna horiek barneratu eta erabiltzea.

10. EBALUAZIOA ETA JARRAIPENA

Ikerketa Batzordeak kontrolatuko ditu salaketak eta aurkeztutako espedienteen ebazpena, eta urteko txosten bat egingo dute protokolo honen ezarpenaren jarraipena egiteko. Txosten hori Artezte Kontseiluan aurkeztuko da; bertan erabakiko da beste nonbaiten ere aurkeztu beharko litzatekeen edo ez.

Txosten horrekin batera, jasotako kasuen erregistro bat egingo da. Kasuen inguruko informazioa bi dokumentutan jasoko da: alde batetik, exceleko dokumentu batean inplikatutako pertsonen inguruko informazioa jasoko da eta word dokumentu batean ondorioen txostena; bigarren dokumentu honetan ez da izenik aipatuko, pertsonen inguruko informazioa kodifikatu egingo da. Dokumentu horiek pasahitzarekin babestuko dira eta aholkulari konfidentzialek soilik izango dute dokumentu horietara sarbidea. Aholkulari konfidentzialen bat aldatzen denean dokumentuen pasahitza aldatu egingo da, ahalik eta pertsona gutxienek izan dezaten informazio horretara sarbidea.

Kasuen jarraipena egingo da, gorago adierazitako moduan, astebeteko, 15 eguneko eta hilabete bateko epeen buruan, jazarpena sufritu duen pertsonaren jarraipena egin ahal izateko. Jarraipen hori amaitu eta 3 hilabete edo 6 hilabete beranduago elkarrizketak antolatuko dira bi alderdiekin, jarraipen sakonagoa egiteko helburuarekin. Jarraipena zabaltzeko beharra aztertuko da kasuan kasu. Elkarrizketa horien ondorioak erregistroan eta txostenean jasoko dira

11. INFORMAZIO INTERESGARRIA

Erakundeak eskaini dezakeen laguntzaz gain, egoera horietakoren bat bizi duen pertsonari beretzat lagungarriak izan daitezkeen zerbitzu publikoen beri emango zaio, bere babes egokia eta prozesuan behar duen laguntza eskainiko zaizkiola bermatze aldera.

Hona hemen lagungarriak izan daitezkeen hainbat zerbitzu:

  • Emakunderen Defentsa Zerbitzua: Sexuagatiko bereizkeria egoeren aurreko herritarren defentsarako zerbitzua da eta emakume eta gizonen arteko tratu berdintasunaren eskubidea babesten du Euskal Autonomia Erkidegoan.

Helbide elektronikoa: defentsoria@ej-gv.es

www.euskadi.net/defentsoria

Telefonoak: 945 016 552

945 016 553

945 016 554

  • 24 orduko arreta telefonoa genero indarkeriaren biktima diren emakumeentzat: 900 840 111. Profesional espezializatuek arreta ematen diete mota guztietako indarkeria sufritu duten emakumeei. Bestalde, zerbitzuak aholkularitza eta informazioa eskaintzen die edozein zalantza edo gai argitu nahi duten profesionalei, senideei edo hurbileko pertsonei.

  • Biktimaren Arreta Zerbitzua: Barakaldoko, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko Justizia Jauregietan kokatua, emakumeen kontrako indarkeriaren biktimei orientazioa eta laguntza eskaintzen die, aurrez aurre, doan, konfidentzialtasuna bermatuz eta banakako modu pertsonalizatuan, prozesu osoan zehar: laguntza psikologikoa, prozesu judizialaren azalpena eta laguntza, epaiketa prestatzeko laguntza, doako justiziaren izapidetzea eta eskubideen, legezko prozeduren eta errekurtsoen inguruko informazioa.

  • OSALANEK aholku eta laguntza teknikoko zerbitzua ematen die enpresei, langileei, horien ordezkariei eta laneko segurtasun eta osasunaren profesional multzoari, bai eta erakunde publikoei eta horietan lan egiten dutenei ere. Herritarren postontzia.

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko