Euskara hasieratik ikastea ia doan izango da ikasturte honetan
Hasierako A1 mailan tasa oso txiki bat baino ez da ordaindu beharko eta, gainera, maila hori gainditzen duten ikasleei ordaindutakoa itzuliko zaie
Hastapeneko euskara-ikastaroak, hau da, oinarrizko maila (A1) gainditzeko ikastaroak, ia doan aterako dira 2024-2025 ikasturtean; izan ere, Eusko Jaurlaritzak partida berriak onartu ditu euskaldunak ez diren pertsonak euskarara hurbiltzeko eta hutsetik euskara ikasteko urratsa ia doan eman dezaten.
Ikasleek orain arte baino askoz merkeago ordainduko dute matrikula euskaltegietan, euskara ikasten hasteko. Adibidez, ikastaro osoko matrikulazioa, urritik ekainera, egunean bi orduko ikastaro tipikoan, astelehenetik ostiralera, 895 euroko kostua izan beharrean, 198 eurokoa izango da. Beherapena egunean lau edo bost orduko ikastaro trinkoei, 1,5 ordukoei, astean hiru egunekoei eta ostiral eta larunbatetakoei ere aplikatuko zaie. Euskara ikastaroei buruzko informazio guztia gure webgunean eta gure bulegoan aurkituko duzu.
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi duenez, abuztuaren 29ko Gobernu Kontseiluak A1 mailako hasierako komunikazio-gaitasuna eskuratzeko ikastaroa doakoa izateko erabakia hartu zuen.
Gaur egun, euskaltegietako ikasleen % 10 inguru estatutik kanpoko etorkinak dira eta % 12 beste autonomia erkidegoetakotatik etorritakoak. Talde horietako ikasleak pixkanaka gero eta gehiago dira. Euskara herritar-talde hauei eta, hemengoak izan arren, oraindik euskarara gerturatu ez direnei ere hurbiltzeko asmoz, 2024/25 ikasturtean A1 komunikgaitasun-maila eskuratzeko ikastaroa doakoa izateko bidea jorratzea erabaki zuen Gobernu Kontseiluak. Matrikula merke bat besterik ez du ordaindu beharko eta A1 maila lortuz gero, kopuru hori berreskuratu egingo da.
Eusko Jaurlaritzaren webguneak iragarri bezala, dirulaguntza bakarra izango da, hau da, aurrez A1 mailako dirulaguntza lerroren batean parte hartu duten ikasleei dirulaguntza emango zaie eta ikastaro bakarra ordainduko zaio pertsona bakoitzari. Aukera hau aprobetxatu nahi dutenek euskaltegian egin beharko dute matrikula 2024/2025 ikasturtean, HABEri laguntza eskatu eta eskoletara joan beharko dute (gutxienez eskola orduen % 75eko asistentzia). A1 maila bi azpimailatan banatzen da (A1A0 eta A1A1). Hauek dira 2024-2025 ikasturterako orduak, ordutegiak eta prezioak. Informazioa eta matrikula gure bulegoan. Aprobetxatu aukera eta hurbildu euskarara, inoiz baino errazagoa da!