C1 ia doan 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat
Matrikula oso merkea ordainduko dute 2024-2025 ikasturtean, eta osorik itzuliko zaie C1 gainditzen badute
Atzo aipatu genituen euskara hutsetik ikasteko laguntzez gain, irailaren 29ko Gobernu Kontseiluak berretsi egin zuen 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzako C1 euskarazko komunikazio-gaitasuna indartzeko ikastaroaren doakotasunari buruz iaz abian jarritako neurria. Matrikula oso murriztua ordainduko dute (adibidez, urritik ekainera bitarteko ikasturte osorako, asteko bost egunetan, eguneko bi ordukoa, 68 euro ordainduko dituzte, aurreko 895 euroen ordez), eta, gainera, C1 komunikazio-gaitasunaren maila egiaztatzen badute, ordaindutako matrikula itzuliko zaie.
Neurri honen bidez lortu nahi dena da derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren amaieran dauden gazteek beraien euskarazko komunikazioaren ezagutza maila handitzea eta sendotzea goi-mailako prestakuntza profesionala edo unibertsitatekoa hasteko edo lan merkatuan euskarazko komunikazio maila egokiarekin sartzeko.
HABEren laguntza hauek 16 eta 18 urte bitarteko pertsonek jaso ahal izango dituzte (2024an: 2006, 2007 eta 2008an jaiotakoak; 2025ean: 2007,2008 eta 2009an jaiotakoak). Hastapeneko A1 mailako laguntzen kasuan bezala, C1erako laguntza horiek lortu nahi dituzten gazteek euskaltegian egin beharko dute matrikula 2024/2025 ikasturtean, HABEri laguntza eskatu beharko diote eta eskoletara joan beharko dute (gutxienez eskola-orduen % 75).