Euskara Eskura Txartela Eta Bestelako Diru-Laguntzei Buruzko Informazioa
2018an ere Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kulturako Foru Sailak Euskara Eskura Txartela diru-laguntza emango du. Euskara euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentro homologaturen batean ikasten duten bizkaitarrak, hau da, Bizkaian erroldatuak izan daitezke onuradun, baldin eta, 2016-2017 ikasturteko bigarren deialdian edo 2017-2018 ikasturteko lehenengo deialdian, A1, A2, B1 edo B2 euskara-mailetako bat gainditu badute; hala, deskontu-bonua izango dute hurrengo ikasturterako. Euskara Eskura Txartela pertsonala da eta onuradunak berak bakarrik erabil dezake.
2018ko uztailaren 2tik 20ra bitartean eskatu behar da, www.bizkaia.eus/euskaratxartela webean. Irailetik aurrera lortu ahalko da, www.bizkaia.eus/euskaratxartela helbidean. Egun zehatza irailean bertan zehaztuko da, ekimenaren webean.
Euskara Eskura Txartela programari atxikitako euskaltegietan edo autoikaskuntzarako zentro homologatuetan erabil daiteke, 2018-2019 ikasturterako matrikulazio-epea hasten denetik 2018ko urriaren 19ra arte (barnetegi iraunkorretako ikastaroen kasuan, eta halakoentzat bakarrik, 2018ko azaroaren 2ra arte erabil daiteke). Euskara Eskura Txartela behin bakarrik erabil daiteke; beraz, ikasleek ziurtatu behar dute azkenean matrikulatzen diren euskaltegian edo autoikaskuntzarako zentro homologatuan erabiltzen dutela bonua eta ez beste batean.
Lau Euskara Eskura Txartel mota daude:
- A1 motako Euskara Eskura Txartela, deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatzen dutenei: gehienez 150 eurokoa izango da bonua.
- A2 motako Euskara Eskura Txartela, deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatzen dutenei: gehienez 200 eurokoa izango da bonua.
- B1 motako Euskara Eskura Txartela, deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatzen dutenei: gehienez 300 eurokoa izango da bonua.
- B2 motako Euskara Eskura Txartela, deskontu-bonurako eskubidea emango die maila hori gainditu eta egiaztatzen dutenei: gehienez 400 eurokoa izango da bonua.
Informazio guztia, hemen.
HABEren diru-laguntzak
Euskara-ikasleentzako diru-laguntzetarako deialdia egingo du HABEk 2018 urtean, eta diru-laguntza hauetarako eskabideak egiteko epea 2018ko irailean izango dela aurreikusten da. Jaso ahal izateko, bi baldintza hauek bete beharko dira:
- HABEren Erregistroan euskaltegi edo euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatu bezala sailkatutako batean matrikulatuta egotea 2017ko martxoaren 17tik 2018ko abuztuaren 31ra bitarteko epealdian.
- 2017/2018 ikasturtean HABEren mailaren bat edo baliokideren bat egiaztatu izana. HABEren mailak egiaztatzeari dagokienez, 2017ko bigarren ebaluazio-garaian edo bigarren azterketa-deialdian edo deialdi irekian eta, 2017ko abenduaren 15eko Ebazpenaren arabera, orain indarrean dauden 2018ko lehen ebaluazio-garaian edo lehen azterketa-deialdian mailaren bat egiaztatu izana.
Informazio gehiago, hemen.
Bestalde, gogoratzen dizugu B2 eta C1 mailako lehen deialdiko azterketen emaitzak uztailaren 11n argitaratuko direla, eta bigarren deialdirako matrikula-epea irailaren 14tik 25era izango dela.