Gabriel Aresti euskaltegiak bat egiten du martxoaren 8ko greba deialdiarekin

Gabriel Aresti euskaltegiak bat egiten du martxoaren 8rako deitua dagoen greba deialdiarekin, hala erabaki baitu lankide batzarrak. Horren harira, emakumezko* lankideok greba egingo dugu emakume* eta euskaldun garelako, eta parte hartuko dugu egunean zehar Mugimendu Feministak Bilbon antolatutako ekimenetan. Gizonak, prest agertu dira euskaltegiaren martxaren ardura bere gain hartzeko, miresmen, esker on eta sostengurik zintzoena erakutsiz.

Emakumea* eta euskalduna, bi aldiz errebeldea
Feminismoa, gure ustez, konpromiso hartze bat da, jendartean nagusi den ideologia eta antolakuntza moldea sustraitik erauzteko konpromisoa da. Sexu genero desberdinkeria gure bizitzako arlo guztietan presente dago: antolaketa ekonomikoan, parte hartze politikoan, demokrazia eta gobernantza ereduen formulazioan, botere harreman sozialetan, bizitzaren zaintzan, bizitzaren erreprodukzioan, hezkuntzan, osasun sisteman, kirolean, kontsumoan… Non ez?
Eta emakume* euskaldunongana etorrita, bazterkeria nazionala eta linguistikoa gehitu beharrean gaude. Izan ere, pertsona orok lurraldea dugu, eta bertan garatzen dira bizitzako aukerak eta gaitasunak.
Beraz, hizkuntzak, gure kasuan euskarak, gizartean leku batean edo bestean jartzen gaitu, bazterrera edo erdigunera, publikotasunera edo txokora garamatza.
Zergatik da hain inportantea hizkuntza gurean? Gure izatearen parte delako, nonahi subjektu eta herritar izateko ezinbestekoa dugulako.
Beraz:
Emakume* euskaldunok, martxoaren 8an, greba feminista!
Emakumea* eta euskalduna, bi aldiz errebeldea!

Azken albisteak

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko