Durangoko Azoka, PortaDA! lehiaketa eta euskaraz datozenak

Gurean egunero da euskararen eguna, eta horren erakusgarri izango dira abenduko hainbat hitzordu, euskara ikasten eta praktikatzen ari direnentzat aproposak. Aste honetan bertan, euskaran murgiltzeko aukera berezia dugu Durangoko Azokan. Euskaldunontzat esperientzia ederra izaten da urtero, disko eta liburu berriak ikusi, entzun eta ikutzeko, euskal idazleak eta musikariak bertatik bertara ezagutzeko eta euskal giro apartan barru-barruraino sartzeko. Aurten abenduaren 5etik 8ra -ostegunetik igandera- izango da eta egitarau zabala prestatu du Gerediaga elkarte antolatzaileak, denetariko ekintzez betea. Gure Zenbat Gara elkartea bertan izango da, Erroa argitaletxearen bidez, Landako gunean egongo den erakusmahaian (Goienkale 19).

PortaDA! Lehiaketa

Durangoko Azokak PortaDA! lehiaketa proposatu du aurten. Hona hemen azalpena:

PortaDA!
Edozein garaitako liburu eta diskoen portadak izango dira langaia aurtengo lehiaketan. Horretarako, portada horietako irudiak birsortu egin beharko dira, gorputz atalak edota eguneroko objetuak erabilita. Bidaltzen diren argazkiak bakarka edo taldeka birsortutakoak izan daitezke. Ez diezaiogun irudimenari mugarik jarri!

Geuk gurera, euskaltegira, ekartzea pentsatu dugu. Hori dela eta, proposatzen dizuegu, euskarazko liburu edo diskoren baten portada aukeratzea eta birsortzea. Hona hemen ideia/eredu batzuk:

Parte hartzeko, bidali argazkia, zure izen-abizenekin, ordutegiarekin eta irakaslearen izenarekin batera, kultura@gabrielaresti.eus helbidera abenduaren 9rako. Kontzertu baterako* bi sarrera irabazteko zozketan sartuko zara. Kontzertuak honako hauek izango dira:

OLATZ SALVADOR
abenduaren 12an, 21:30ean Kafe Antzokian.

MIKEL URDANGARIN
abenduaren 28an, 22:00etan Kafe Antzokian

*Ezin da aukeratu zein kontzertutarako sarrerak nahi diren. Zozketa ausaz egingo da parte-hartzaile guztien artean.

 

Euskaraz datozen beste batzuk:

Durangoko Azokaz gain, abenduan azpimarratzeko moduko beste hitzordu batzuk izango ditugu inguruan:

Abenduak 5, osteguna: Urrats erromeria taldearen azken kontzertua. Kafe Antzokian (sarrerak agortuta).

Abenduak 6, ostirala: Nakar taldea (Biznaga taldearekin), Kafe Antzokian.

Abenduak 11, asteazkena: Amets Aranguren musikariarekin elkarrizketa musikatua, Gabriel Arestiren #KulturEkarpenak sortaren baitan. 11:30ean eta 16:30ean. Doako sarrera.

Abenduak 12, osteguna: Olatz Salvador + EIRE. Kafe Antzokian.

Abenduak 14, larunbata: Ruper Ordorika & Mugalaris. Kafe Antzokian.

Abenduak 18, asteazkena: Urbeltzen Dantza Ganbara. Kafe Antzokian.

Abenduak 19, osteguna: Anari + Belako. Kafe Antzokian.

Abenduak 21, San Tomas eguna: Bilboko Areatzan azoka eta Bilboko Konpartsen agertokian (txosna ondoan), honako ekintzak, denak euskaraz: bertso saioa, plaza-dantza, erromeria eta Bilbo Kantari. Bilbo Hiria irratiak zuzeneko saioa egingo du bertatik, 10:00etan abiatuta.

Abenduak 22, igandea: Neguko Haur Jaia Olentzero eta Mari Domingirekin Kafe Antzokian.

Abenduak 27, ostirala: J Martina. Kafe Antzokian.

Abenduak 28, larunbata: Mikel Urdangarin. Kafe Antzokian.

Azken albisteak

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko

C1barnetegirako sukaldari bila gabiltza