Ikasturtean zehar, hiruhilero, mintzamena lantzeko eta naturaz eta inguruaz gozatzeko asteburuak pasatzeko aukera eskaintzen dugu Bakaikun (Nafarroa).
Izan ere, ohiko eskolez gain, ikasleak motibatzen lagundu eta geletatik kanpo ere euskaraz bizitzeko aukera eman nahi diegu urte osoan: kultur ekarpenen bidez, ikasturtean zehar ospatzen ditugun jaietan, tailer eta ikastaroei esker… eta gainera, asteburu bereziak pasatzeko parada ere eskaintzen diegu Bakaikun dugun etxean: ostiraletik igandera, txangoak eta hainbat jarduera antolatzen ditugu gure ikasleek mintzamena praktika dezaten, gure kultura gehiago ezagut dezaten eta primeran pasa dezaten. Eta kanpoko lagunak ere anima daitezke.
Bestalde, bost eguneko egonaldi bereziak ere antolatu ohi dira ikasturtean zehar, euskara ikasten dihardutenentzat, astebete intentsiboago bat burutzeko, zein azterketa jakin bati aurre egin behar diotenentzat. Euskaran erabateko murgiltzea egiteaz gain, astebetez txipa aldatzeko oso baliagarriak dira barnetegi hauek.
Halaber, Aste Santuan zein udan egoten dira barnetegiak Bakaikun, baita Bilbon ere.