Euskara doan ikastea posible ote da?

Askok galdetzen digute egia ote den euskaltegietan jada doan euskara ikas daitekeela, hasieratik B2 mailaraino. Denok ikusi dugu xehetasunik eman gabe horixe dioen instituzioen publizitatea, baina komeni da gaia argitzea, bete beharreko baldintza batzuk baitaude, eta sarritan euskaltegioi tokatzen zaigu gaiaren “letra txikia” azaltzea. HABEren (Eusko Jaurlaritzaren) dirulaguntzei dagokienez:

  • Matrikula egitean ikastaroen salneurri osoa ordaindu beharra dago.
  • Ikaslea gutxienez eskolen %75era joan dela egiaztatu beharko da.
  • Araudian zehazten den aurrerapen akademikoa egiaztatu beharko da, ikasleak azpimailak aurreratu dituela edo azterketak gainditu dituela.
  • Dirulaguntza eskatzeko, ikasleak HABEk epeak noiz iragarriko adi egon beharko dira, garaiz eskatu ezean ez baitute dirulaguntza jasoko.
  • Eskabidea online bete behar da, bi aukerarekin: formularioak bete eta administraziora eraman edo izapidea online egin, Bakq edo antzeko ziurtagiri batekin.

Baldintza hauek guztiak bete ondoren, ikasleek matrikularako ordaindutako diru kopurua bueltan jasoko dute. Beraz, euskaltegian ikastea doan atera zaiela esan ahal izango dute (azterketa egin ahal izateko HABEri ordaindu beharrekoa kenduta), baina HABEk argitaratutako araudiak gainditu ezineko muga batzuk ezartzen ditu:

  • HABEren A1 maila: 600 euro.
  • HABEren A2 maila: 800 euro.
  • HABEren B1 maila edo baliokidea: 900 euro.
  • HABEren B2 maila edo baliokidea: 1.000 euro.
  • HABEren C1 maila edo baliokidea, 1992an edo ondoren jaio diren ikasleentzat: 700 euro.
  • HABEren C1 maila edo baliokidea, 1991n edo aurretik jaio diren ikasleentzat: 150 euro.
  • HABEren C2 maila edo baliokidea: 100 euro.

Bestalde, 2023-2024 ikasturtean euskararen C1 maila helburu duten 16-18 urteko ikasleei dirulaguntzak onartu ditu HABEk 2023ko abenduan. Honen arabera, 16 eta 18 urte bitarteko gazteek, 20 euro soilik ordainduta, aukeratzen duten C1 mailako euskara ikastaroan izena eman ahal izango dute eta HABEk ordainduko du gainerakoa. Informazio gehiago HABEren webgunean.

HABEren dirulaguntzez gain, eta norbera bizi den herriaren arabera, matrikularen %100erainoko finantzazioa lor daiteke gurea bezalako euskaltegi homologatuetan. Hala, Bilboko Udalak gurasoei ematen die laguntza eta Barakaldokoak 600 eurorainoko laguntza eskaintzen du, atarramenduaren eta familiaren diru-sarreren arabera. Badira antzeko udal dirulaguntzak  Basauri, Galdakao, Getxo, Sestao, Santurtzi, Portugalete eta inguruko hainbat udaletan ere.

Informazio gehiago:

Gure nahia, euskaltegi moduan, euskara ikastea guztiz doakoa izatea da, azterketak barne, prozesu osoan eta maila guztietarako. Baina, hainbat administrazioren dirulaguntzak egon badauden arren, tamalez, gaur-gaurkoz, ezin dugu esan euskararen herrian bertan erabat posible denik nahi duen orok euskara debalde ikastea.

Azken albisteak

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko