Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 1982an sortutako titulua izan zen EGA (Euskararen Gaitasun Agiria). EGA tituluak azterketariaren euskara gaitasuna C1 mailakoa zela egiaztatzen zuen. Hizkuntza eskakizunei dagokienez, EGAk egiaztatzen du pertsona horrek 3. Hizkuntza Eskakizuna betetzen duela (HE3). 2019an EGAren azken deialdia egin zen. Orduz gero, HABEk kudeatzen du C1 gaitasun-maila egiaztatzea.

C1 mailaduna erabiltzaile gaitua da, hau da, gai da lagunarteko, lan-esparruko eta komunikabideetako edozein testu (elkarrizketak, eztabaidak, azalpenak) ulertzeko; baita inguruko herri-hizkeran sortutakoak ere. Eta gai da, era berean, lagunarteko elkarreraginean, lan-esparruan eta komunikabideetan ideiak eta iritziak jariotasunez eta eraginkortasunez adierazteko. Ongi egituratutako eta osatutako testu argiak eta zehatzak idazteko gai da, ideia nagusiak eta osagarriak bereiziz, eta, oro har, xedea lortzeko estrategia egokiak aukeratuz. Era berean, bere ikuspuntua luze eta zabal adierazteko gai da, ideia osagarriak eta adibide egokiak emanez.

C1 maila lortzeko, 400 irakastorduko prozesua aurreikusten da, baldin eta B2 mailatik abiatuta baldin bada. Horiez gain, ikasleak bakarlanean eta erabilera askean beste 350 ikastordu jardun beharra aurreikusten da.

HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculuma (HEOC) hiru lerrun nagusitan dago banatuta: oinarrizko erabiltzailearena, aurreratuarena eta adituarena. Eta lerrunok bina mailatan: oinarrizko erabiltzailearena, A1 (Hasierakoa) eta A2 (Oinarrizkoa) biltzen dituena; aurreratuarena, B1 (Independentea) eta B2 (Aurreratua) bere baitan hartzen dituena; eta adituarena, C1 (Gaitasunezkoa) eta C2 (Adituarena) mailez osaturik dagoena.

Maila hauek egiaztatzeko, HABEk gaur egun euskaltegietako ikasleentzako bi deialdi eta deialdi ireki bat antolatzen ditu urtean. Informazio guztia, hemen.

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko

dirulaguntzak