Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorreko lanpostuek, besteak beste, dagokien hizkuntza-eskakizuna dute esleituta. Zer da, bada, hizkuntza-eskakizuna? Hizkuntza-gaitasunaren maila da, lanpostu jakin batean euskaraz jarduteko ezinbestekoa dena. Hizkuntza-eskakizunetan, lau talde daude, eta horietako bakoitzak finkaturik ditu dagozkion edukiak, ezaguera-mailak eta trebetasun-mailak:
- 1. hizkuntza-eskakizuna (B1)
- 2. hizkuntza-eskakizuna (B2)
- 3. hizkuntza-eskakizuna (C1)
- 4. hizkuntza-eskakizuna (C2)
Horiez gain, teknikari gaituaren hizkuntza-eskakizuna ere badago (4. HE-TG). Euskara ardaztzat duten lanpostuei ezartzen zaie (hizkuntza-normalkuntzako teknikariak, itzultzaileak…).
Hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa edo derrigorgabea izan daiteke:
Derrigorrezkoa bada, data zehatz bat ezartzen zaio, eta egun horretatik aurrera, ezinbestekoa da hizkuntza-eskakizuna betetzea kasuan kasuko lanpostuan jarduteko.
Derrigorrezkoa ez bada, merezimendu-ehunekoa finkatzeko balioko du, hain zuzen ere inoizko hautaketa-prozesuan euskararen ezaguera-maila nola balioetsi zehaztuko duena. Hautaketa-prozesuaren gainerako ataletan lor daitekeen gehienezko puntuazioa erreferentziatzat hartuta, ehuneko hori %5-%10 bitartekoa izango da 1. edo 2. hizkuntza-eskakizuna duten lanpostuetarako; 3. edo 4.a dutenetarako, berriz, %11-%20 bitartekoa izango da.
Deitutako kidego gehienetan, plaza batzuek derrigorrezko hizkuntza-eskakizuna izango dute (ezinbestekoa da ezaguera-maila zehatza egiaztatzea), eta beste batzuek ez (deialdiaren oinarrietan ezarritako moduan baino ez da balioetsiko euskara-maila, baina ez da derrigorrez jakin behar).
Izan, badira beste titulu edo ziurtagiri batzuk hizkuntza-eskakizunen baliokide direnak. Berriki, euskara-egiaztagirien baliokidetzari buruzko 48/2009 dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak, baliokidetzak arautuz eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Markora egokituz. Beraz, honela geratu dira baliokidetzak:
Hautaketa-prozesu honetan, hizkuntza-eskakizun jakin bat egiaztatzeko modua honako hauetako bat izango da:
- Hautaketa-prozesuaren barruan horretarako egingo diren azterketak gaindituz.
- HAEEk hizkuntza-eskakizun zehatz bat egiaztatzeko emandako ziurtagiria aurkeztuz.
- Titulu edo ziurtagiri baliokideren bat baduela egiaztatzen duen agiria epearen barruan aurkeztuz.
LEHENENGO HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA (B1).
EGIAZTATU BEHARREKO GAITASUNAK
Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da bere ohiko den ahozko nahiz idatzizko edozein testuren ideia nagusia ulertzeko, ñabardurez konturatzen ez bada ere.
Gai izango da, halaber, elkarrizketa batean oinarrizko mailan hitz egiteko, eredu-bildumak eta zerbitzu-oharrak ulertzeko, agiriak sailkatzeko, zerrendak egiaztatzeko, eskuliburuak edo dossierrak kontsultatzeko, e.a.
Bere lanean ohiko diren hizkuntza-arloko ekintzei ahoz nahiz idatziz erantzuteko adinako oinarrizko gaitasuna izango du.
Ahoz zein idatziz egoera mugatu eta apal, lagunarteko eta arruntetara egokituko den gaitasun komunikatibo eta funtzionala izango du, sarritan eredu-itxura duten esamoldeak erabiliz.
Ahoz zein idatziz huts gramatikalak egin ahal izango ditu.
Ahoz zein idatziz bestetan baino segurtasunik eza handiagoa agertuko du euskara ama-hizkuntza duten pertsonen aurrean.
Beraz, gai izango da bisitariak leku eta pertsona egokiengana bidaltzeko, lankideei informazio sinplea eman eta eskatzeko, telefonoz zita bat egiteko, elkarrizketarako ordua zehazteko, bilera-eguna jartzeko, materiala agintzeko, mezu laburrak idazteko, eredu-bilduma nahiz galde-sorta betetzeko, material eskariak idazteko, e.a.
Ama-hizkuntza euskara duenaren antzeko abiadaz hitz egindako mezuak ulertzeko gai izango da, nahiz eta hark baino erraztasun txikiagoa izan hitz egiteko.
Fonema guztiak behar bezala bereziko ditu, nahiz eta gaztelaniaren eragina izan ahoskatzerakoan (erritmoan, azentuan, doinuan).
Ahoz batuaz zein gehien erabiltzen diren euskalkietan esandakoa ulertu beharko du, bai eta batuaz idatziriko testuak ere.
Ahoz zein idatziz, modu apalean komunikatuko da, normalean esaldi errazak erabiliz.
Hizkuntza-ezagutza zabala izan arren, idatzizko testuetan ama-hizkuntza euskara duenak ohiz egiten dituenak baino huts morfosintaktiko eta ortografiko gehiago egingo ditu; hutsak ugariagoak izango dira lanean ohikoak ez diren gaiak erabiltzean.
Hizkuntzaren adierazmolde erabilienak era mugatuan erabiliko ditu.
Bere lanean hiztegi aberatsa erabiliko du, idazterakoan hiztegia erabili behar badu ere.
Fonologia-, ortografia-, morfosintaxi-, lexiko- eta semantika-mailan gaztelaniaren eragina izango du; halere, ez du zailtasun handirik izango mezua ulertzeko.
Hitz egitean zein idaztean, bere lanean ohikoen diren egoera mugatuetara egokitutako erregistro eta hizkuntz formak erabiliko ditu. Halere, onartu egingo zaio lehen hizkuntza euskara dutenen hizkuntza aberastasunez ez erabiltzea. Zailtasun handiagoak izango ditu mugatuak eta ohikoak ez diren egoeretan.
Hitz egitean zein idaztean, bere lanean ohikoen diren egoeretara egokitutako oinarrizko hizkuntza-formak, jasoak zein lagunartekoak, era egokian aukeratuko ditu.
Ondo igarriko ditu, ahozko zein idatzizko testuan, bere lanean ohikoen diren egoeretan eta, batez ere, egoera mugatuetan izan daitezkeen ohiko erregistro-aldaketak.
Ahozko zein idatzizko testuinguruaren arabera, agerian ez dagoen informazioa atera egingo du, baita ezezagunak izanik testuaren arabera uler daitezkeen hitzen esanahia ere, batik bat, bere lanean ohikoen diren egoera mugatuetan erabiltzen direnean.
Bere ahozko zein idatzizko hizkuntza-gaitasunera egokituko ditu hizkuntza-beharrizanak, bereziki bere lanean ohikoen diren egoera mugatuen ondorioz sortutakoak. Aurreko horrek, besteak beste, mezuaren edukia ezagutzen dituen hitz eta egituretara egokitu behar izatea ekarriko du, baita, errepikapena, berriro formulatu behar izatea, autozuzenketa egitea eta ulertu ez den informazioa eskatzea ere.
Ahozko zein idatzizko testuinguruetan izan daitezkeen gai-aldaketak antzemango ditu, batez ere, bere lanean ohikoen diren egoera mugatuei dagozkienean.
Joera nagusiak bigarren mailakoetatik bereiziko ditu ahozko zein idatzizko testuinguruetan, ideien arteko loturak zehaztuz.
Ahoz zein idatziz zailtasunak izango ditu gaiaz aldatzeko.
Lotura-elementuak oinarrizko mailan erabiliko ditu, ahoz zein idatziz, eta arazoak izango ditu arrazoinamendu nahiz eztabaida luzeetan parte hartzeko.
BIGARREN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA (B2).
EGIAZTATU BEHARREKO GAITASUNAK
Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da edozein komunikabideren bitartez informazioa eskatu eta emateko, nahiz eta aurrez aurreko elkarrizketetan hobeto moldatu; talde-bilera eta eztabaidetan parte hartzeko, informazioa eta iritzia emanez; aginduak eta azalpenak emateko; lankide batekin iritziak komentatzeko; bere atalari, bilera bati, hitzaldi bati buruzko informazioa emateko.
Gai izango da, halaber, bisitariekin eta kontsultagileekin hitz egiteko; telefonoa hartzeko; ama-hizkuntza euskara dutenek esandakoaren ideia nagusia ulertzeko, berbaren bat ez ulertzearren ideia galdu gabe; aginduak burutzeko; lan-bilera edo bilkuretan esandakoa ulertzeko; eskuliburu edo dossier bat kontsultatzeko; bere lanean ohikoen diren gaiei buruzko oinarrizko informazioa ateratzeko; memorandumak eta gutunak ulertzeko e.a.
Ahoz parte hartu ahal izango du bere lanarekin zerikusia duten hizkuntza-ekintza ugarietan.
Laneko hizkuntza-egoera mugatu gabekoetara egokitzeko ahozko adierazgaitasuna izango du; horrek, euskara luzaroan erabili behar izatea dakar.
Gauza izango da bere lanarekin zerikusia duten gaiei buruzko bere ideietatik garrantzizkoena eta iritziak ahoz azaltzeko, nahiz eta eztabaida batean horiek defendatzeko eragozpen handiagoak izan, ñabardurak egitean zein gai berezituei buruz hitz egitean zalantza gehiago izan, eta gramatikazko hutsak egin.
Ama-hizkuntza euskara dutenen erraztasun berdintsua edukiko du hitz egiteko.
Fonema guztiak bereiziko ditu, eta ama-hizkuntza euskara dutenen ebakera (erritmo, azentu eta ahoskera) bera edukiko du.
Mintzatzean esaldi konplexuak erabil ditzake eta bereziki ama-hizkuntza euskara dutenen maila morfosintaktikoa edukiko du.
Gramatikaren ezagutza zabala izango du, baina horrek ez du esan nahi hizkuntzarekiko kontrola konszientea izango denik; izan ere, gramatikazko hutsak egin ditzake. Hutsak nabarmenagoak izango dira idatzian ahozkoan baino, baita bere lanean ohiko ez diren gaiei buruzko azalpenetan ere.
Hizkuntzaren ohiko esamoldeak erabiliko ditu.
Hobeto menderatuko du euskara ahoz idatziz baino, eta aurretik aipatutako mailetan gaztelaniaren eragin gutxi izango du.
Bere laneko egoera eta gaiari ezezik, beste edozein egoera eta gairi ere egokituko zaien erregistro eta hizkuntza-formak erabiliz mintzatuko da.
Mintzatzean entzulearen hizkuntza-gaitasunera egokituko du bere adierazgaitasuna; azken horrek garrantzi handia izango du, batez ere, entzulearen euskararen ezagupena 1. hizkuntza-eskakizunerako zehaztutakoa baldin bada.
Bere lanean ohiko diren gaiei dagokienean, ideia nagusiak eta bigarren mailakoak bereiziko ditu mintzatzean, eta ideion arteko lotura zehaztuko, era berean.
Ama-hizkuntza euskara dutenen mailan erabiliko ditu juntagailu eta elementu kohesiboak, eta ez du arazorik izango azalpen luzea eman, gaiaz erraz aldatu edo eztabaida luzeetan parte hartzeko.
HIRUGARREN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA (C1).
EGIAZTATU BEHARREKO GAITASUNAK
Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da era guztietako eskutitzak, barne-idazkiak, memorandumak, laburpenak, administrazio-espedienteak, e.a. idazteko.
Oinarrizko ikasketak euskaraz egin dituen pertsona batek duen erraztasun berdintsua izango du idaztean.
Gramatikaren ezagutza erabatekoa eta konszientea izango du.
Fonologia-, ortografia-, morfosintaxi-, lexiko- eta semantika-mailan ez du ia gaztelaniaren eraginik izango.
Bere laneko egoera eta gaiari ez ezik, beste edozein egoera eta gairi egokitutako hizkuntza-formak behar bezala erabiliko ditu, ahoz zein idatziz.
Bere laneko egoera eta gairi egokitutako erregistro-aldaketak bereizi egingo ditu, bai ahozko testuinguruan bai idatzizkoan.
LAUGARREN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNA (C2).
EGIAZTATU BEHARREKO GAITASUNAK
Hizkuntza-eskakizun hau dagokion lanpostuaren jabea gai izango da egitarauei buruzko zehaztapenak aditzeko, bere lanarekin zerikusia duten egitarauei, jarduerei eta hainbat sailen politikari buruzko zehaztapenak ulertzeko; aditu bati eskatutako txostena ulertzeko. Era berean, gai izango da ikerketa-txostenak, artikuluak, egitarau politikoak, aldizkari berezituak zein lege baten edukia ulertzeko, eta idazki baten punturik interesgarrienak, hutsak nahiz aldaketak jasota geldi daitezen anotazioak egiteko.
Bere lanarekin zerikusia duen edozein hizkuntza-ekintzetan jariotasunez egingo ditu azalpenak mintzatzean zein idaztean, eta zuzentasun-, aberastasun-, zehaztasun- eta jatortasun-maila altua izango du.
Mintzatzean zein idaztean esaldi konplexuak sortzeko eta erabiltzeko erraztasuna izango du, eta lanarekin zerikusia duten gaiei ezezik, bestelako gai berezituei buruz ere erraztasunez hitz egin edo idatziko du.
Informazioa eman, elkarrizketak egin, hizkuntza-azalpen luzeak emateko erabili, txostenak, artikuluak, egitasmoak, memoriak, aginduak, berbaldiak, e.a. idatzi ahal izango ditu, baita laneko eztabaidetan parte hartu ere.
Goi-mailako ikasketak euskaraz egin dituztenek behar duten beste denbora beharko dute haien idatzizko testuak eta ahozko jardunak ulertzeko.
Goi-mailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen pare hitz egin ahal izango du, elementu morfosintaktiko konplexuak erabiliz.
Gramatika bikain jakingo du, eta ahoz zein idatziz gramatikazko huts gutxi egingo ditu.
Hizkuntzaren adierazmoldeak aberastasunez erabiliko ditu.
Lexikoaren ezagupen zabala izango du, goi-mailako irakaskuntza euskaraz egin dutenen parekoa. Era berean, bere lanarekin zerikusia duten gai berezituen lexikoa menderatuko du, eta ez du ia hiztegiaren beharrik izango.
Fonologia-, ortografia-, morfosintaxi-, lexiko- eta semantika-mailako gaztelerarekiko independentzia-maila handia izango du.
Bere laneko edozein egoeratan ohikoak diren hizkuntza-formetan era jasoaz hitz egin eta idatziko du, eta oso erregistro berezitua erabiltzeagatik nabarmenduko da.