“Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu” ikastarorako matrikulaldia, zabalik urtarrilaren 27ra arte

Urtarrilaren 28an hasita eta maiatzaren 27ra arte, “Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu” bost saioko ikastaroa antolatu dugu UEUk, Jakin Aldizkariak, Bilboko Kafe Antzokiak eta Gabriel Aresti Euskaltegiak elkarlanean:

Hizkuntza eta generoa gurutzatzen direla badakigu, hizkuntza hautuak igarotzen direla genero eraikuntzatik eta alderantziz; prestigioaren, pribilegioen eta eskubideen banaketak osatzen duen sareak jendarteko botere harremanetan gurutzatzen direla. Euskara eta generoa ere ez doaz aparte, eta, horrenbestez, biak, euskara eta generoa, menderakuntzaren alaba izaki, ahalduntzeko eta boteretzeko prozesu berean txirikordatzen diren bi bide dira. Euskaltzaletasuna eta feminismoa dira ahalduntzearen bi alabak.

Bi izate, praktika eta prozesu horiek non gurutzatzen diren, ze ezaugarri partekatzen dituzten, batak bestetik zer ikas lezakeen eta bien arteko aliantzak ze esparru emankor zabaltzen digun mahai gainean jartzea da ”Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi, hura elikatu.” ikastaroaren helburua.

Irakasle bakoitzak gaia ertz batetik landuko du baina modu osagarrian beti. Eta, hitzaldia emateaz gainera, ikasleentzat berariaz hautatutako materiala banatuko dute. Ikasleen jakintza partekatzeko bidea eta modua ere egingo da, denok parte hartzeko aukera izan dezagun.

Hona hemen egitarau osoa:

URTARRILAK 28, astelehena, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian
1. saioa: Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea: Idurre Eskisabel Larrañaga (kazetaria, UPV/EHUko irakaslea) eta Lorea Agirre Dorronsoro (Jakineko zuzendaria).

OTSAILAK 25, astelehena 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian
2. saioa: Euskara eta generoa gurutzatzen direnean: Aizpea Otaegi Mitxelena (Elhuya aholkularitza) eta Jaime Altuna Ramirez (Gizarte antropologoa).

MARTXOAK 25, astelehena, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian
3. saioa: Euskara eta emakumea, genealogia/begirada feminista bat: Saioa Iraola Urkiola (Bilgune feminista).

APIRILAK 29, astelehena, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian
4. saioa: Generoa eta hizkuntzen elkargunea eraikitzen: Itziar Gandarias Goikoetxea (Psikologo soziala, Deustuko Unibertsitateko irakaslea)

MAIATZAK 27, astelehena, 19:00etan Bilboko Kafe Antzokian
5. saioa: Euskara ez-sexistarako bidea: Amelia Barquín Lopez (Kulturartekotasunean aditua, MU HUHEZIko irakaslea)
Amaiera ekitaldia: ‘Erradikalak ginen’ bertso-antzerkia: Ane Labaka Mayoz eta Bea Egizabal Ollokiegi.

Ikastaro osoan edo saioka eman daiteke izena. Hauek dira prezioak:
-Ikastaro osoa, 30,00€. Ikasle, langabe, erretiratu eta UEU kideentzat: 15,00€.
-Saioka, bakoitzak: 10,00€
Izena emateko, www.ueu.eus webgunera jo.

Gomendatutako informazioak

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko