Beste 30 urte berri on bete ditzagun!

Aurten 30 urte bete ditu, Kafe Antzokiarekin batera, gure euskaltegiaren Done Bikendi kaleko egoitza nagusiak ere. Gure ekimen guztiak euskaltegiaz askoz harago eta gehiago egitera bideratu ditugu 30 urteotan: euskara ikasteaz gain, bilbotarrei euskara erabiltzeko aukerak ematea izan da gure zeregina.

1990eko hamarkada hasieran, Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleen egiaztapen eta gogoetatik ondorioztatu zen euskaltegia baino gehiago izatearen beharra, helduen euskalduntzeaz harago joatearena, ikasleek euskaltegietan euskaldundu arren, gero ez zutelako non-noiz-norekin euskaraz jardun, elkarrizketa egoera errealetan.

Hori izan zen Zenbat Gararen abiaburua: Bilbon euskaraz, modu naturalean harremanak egiteko guneak eta uneak sortzea. Bilboko erdigunean gainera, euskararentzat arrotza eta euskaldunari arrotza egiten zitzaion ingurunean kokatu zen euskarari zentraltasuna eta duintasuna eman nahi zion elkartea.

Horrela sortu zen Kafe Antzokia, 1995ean, aurretik Bakaikuko etxea eta Algara konpartsa sortu ondoren, eta horrela heldu ziren osteko beste batzuk ere, Bilbo Hiria Irratia, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, behinenak aipatzearren. Denak, bakoitza bere arloan, baina helburu berberen inguruan: Bilbon bizi den euskal komunitatea trinkotzea, ikasleak eta ikasitakoak hiztun aktiboak eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragileak bihurtzea.

Urte hauetan guztietan euskararen etxea bilakatu da gurea, eta espero dugu beste horrenbeste eta askoz gehiago betetzea, euskara irakasten eta euskara erabiltzeko aukerak sortzen.

Recent Posts

Start typing and press Enter to search