Ikastaro trinkoen atarramendu handiagoa egiaztatu du ikerketa batek
Ikastaro trinkoetan dabiltzan ikasleen ehuneko askoz handiago batek gainditzen ditu euskara maila guztiak, egunero ordu bat edo bi bakarrik ematen dutenen artean baino, LKS Next aholkularitzak HABErentzat EAEko euskaltegietan egindako ikerketa baten arabera. Zenbat eta ordu gehiago dedikatu egunero euskara ikasteari, orduan eta arrakasta indize handiagoa dagoela erakusten du ikerketak. “Oro har, hasierako mailetan batez ere, nabarmena da euskaltegian emandako orduen aldagaiaren eragina. Izan ere, 120 ordu baino gutxiagoko moduluetan ateratzen diren emaitzak nabarmen eskasagoak dira dedikazioa handiagoa dutenetan baino”, ondorioztatzen dute txostenean.
Trinkotasunaren garrantziaren jakitun, Gabriel Aresti euskaltegian apustua egin dugu trinkoengatik, azken hiru urteotan PLUS ikastaro trinkoak bultzatuz. PLUS trinkoetan egunero bost orduz eskolak jasotzeaz gain, astero hainbat jarduera gehigarriren bidez osatzen da ikaslearen esperientzia, kultura jarduera eta jarduera ludikoekin, eta hiruhilabete bakoitzean, Bakaikun, bost eguneko barnetegi-egonaldi batekin. Hala, PLUS trinko hauetan izena ematen duten ikasleen kopuruak nabarmen egin du gora sortu zirenetik, EAEko euskaltegietan trinkoetan beheranzko joera orokorra dagoen bitartean.
Aurtengo udan ere, trinkotasun handikoak dira Gabriel Aresti euskaltegiaren udako aukera guztiak. Bilbon antolatu ditugun udako ikastaro trinkoak zein udako eguneko barnetegiak. Bakaikuko barnetegiak ere erabateko murgilketak dira euskaran, eguneko 24 orduetan.