Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa argitaratu dugu

Azken urteotan lantzen ibili garen Indarkeria matxistaren aurkako protokoloa irakur dezakegu jada gure webgunean. Bertan, horrelako kasu bat gertatuz gero, biktimari arreta emateko eta gertatutakoa ikertzeko urratsak zeintzuk izango diren zehazten da. Protokolo honen helburua da gure erakundeak bere osotasunean giro segurua mantentzea eta sustatzea berau osatzen duten pertsona guztientzat, indarkeria matxistetatik at.

Erakundeak bere osotasunean ez du genero-indarkerien inolako adierazpenik onartuko eta bere esku dauden neurri guztiak hartuko ditu jarrera eta portaera horiei aurre egiteko eta horiek behingoz desagerrarazteko. Genero-desberdintasunaren interpretazio-marko feministak indarkeria horien jatorria azaltzean, nabarmendu egiten du genero binarismoak, gizonezkoen nagusitasunak eta sozializazio heteropatriarkalak pertsonen eguneroko bizitzan duten garrantzia. Indarkeria horiek adin, kultura, maila sozial eta hezkuntza-maila guztietako emakumeei eta bestelako subjektu ez-normatiboei eragiten diete, era askotako hainbat testuingurutan. Besteak beste, euskaltegian eta gainontzeko arloetan. Arazo hau ez da soilik genero-indarkeriak bizi dituzten pertsonena. Arazo estruktural eta politikoa ere bada. Eta, ondorioz, guztion ardura da irtenbidea bilatzea.

Gure ustez, genero-indarkerien eremuan sartzen diren jarrerek eraso egiten diote pertsona guzti-guztien berdintasun eskubideari, osotasun fisikoari, psikikoari eta duintasunari. Hortaz, ez ditugu ez onartuko ez baimenduko. Protokolo hau ikasleek, administrazio eta arloetako langileek eta irakasleek bizi dituzten indarkeria matxisten adierazpen guztiei aplikatuko zaie, gure erakundearekin aldi baterako lotura izan, zein lotura iraunkorra izan.

Gure erakundeak konpromisoa hartzen du jarrera horiek prebenitzeko (ikus 9. atala) eta horiei irmo eta sendo aurre egiteko, berdintasuneko eta justizia sozialeko gaia baita, zalantzarik gabe.
Gure arteko pertsona guztien erantzukizuna da konpromiso hau beteko dela ziurtatzea. Era horretako jarrera eta portaerak gertatzen badira, genero-indarkeriazko egoerak bizi dituzten pertsonei laguntza eta arreta eskainiko zaie, jazarpen-kasuetan behar diren baliabide guztiak jarriko dira, indarkeria horiek sortutako arazoei irtenbidea bilatuko zaie eta irtenbide horiek tartean sartutako pertsonen ingurukoei ezagutaraziko zaizkie. Betiere, ahaleginak egingo dira egoera berriz inondik inora gerta ez dadin, eta gertatutakoaren nondik norakoen araberako zehapenak ezarriko dira. Konpromisoa hartzen dugu protokolo honen bidez genero-indarkeriek sor ditzaketen arazoei aurre egiteko, beharrezkoak diren berme guztiekin eta aintzat hartuta —protokoloa idatzi, interpretatu eta aplikatzerakoan— pertsona guztiek laneko eta ikasteko giroetan indarkeriarik gabe bizitzeko duten eskubideari buruzko nazioarteko, Europako erkidegoko, estatuko, autonomia erkidegoko eta geure barne arauak.

Gizarte-erantzukizuneko balioak dira gure etxearen ezaugarria, eta, horrekin bat eginez, pertsonen parte-hartzea eta garapena sustatzen ditugu, gizarte justuago, solidarioago eta parekideagoa lortzeko. Hori guztia aintzat hartuta, beraz, argi laga nahi dugu gurean ez dela inolako genero-indarkeriarik onartuko, ez lan testuinguruan ez eta Gabriel Arestik antolatutako aisialdiko bestelako jardueretan ere. Hori bermatu ahal izateko landu dugu honako protokolo hau.

Azken albisteak

Hasi idazten eta sakatu Enter bilatzeko

kontziliatu